Itxi

Musika

Elkarrizketa

Su Ta Gar: '30 urte geroago musikan jardutea ametsa da'

Natxo Velez | eitb.eus

Su Ta Gar taldeak agertoki gainean ospatuko du 30. urteurrena. Maketako eta lehen bi diskoetako kantuak joko dituzte, bederatzi kontzertu berezitan.

1:35

Hogeita hamar urte dira jaiotze basati batetik, lau gaztek, sentimenei jarraituz eta beldurraren eta gelditasunaren munstroa hilik, musikari heltzea erabaki zutenetik, hortzak estuturik.

Gauza asko aldatu dira bidean, eta hamaika garaipen eta zenbait galera pilatu dituzte ibilbide luzean eibartarrek, dagoeneko. Musika bizibide izatea lortu du Su Ta Garrek, sano borrokatuta, eta, horregatik -edo haatik-, musikari emanda bizi izan ditu azken hiru hamarkadak taldeak, doinuekiko eta mezuekiko grina aldiro berrituta, denbora joanaren zama pasioaren hegalek haizeztatuta, beti aurrera.

Orain, baina, atzera begira jarri dira, eta 30. urteurreneko bira berezia abiatu dute: maketako eta lehen bi diskoetako kantuak soilik eskainiko dituzte, eta emanaldiotan garai hartako ikus-entzunezko material argitaragabea erakutsiko dute.

su ta gar

Xabi Bastida, Asier Osoro, Borxa Arrillaga eta Aitor Gorosabel, taldearen hastapenetan

Hogeita hamar urte horietan, edo gutxiagoan, bizitzak xalotasuna ebatsi digu guri, nahitaez, eta jakitun gara duela hogeita hamar urteko Su Ta Gar ez direla itzuliko (nahi ere ez, iragan hori gugan dago eta egun direna dugu irabazteko entzuleok), ezta orduko zu hura ere, irakurle, ezta garai hartako ni ere ez, ez gaitezen engaina. Edo bai, engaina gaitezen bi orduz bira honetako emanaldietan, dagokion herriko aretoko sabaiari begira, begiak eta ukabilak hetsirik, ostera ere Aitor Gorosabelen ahotsari baturik “begiraaaaaaaaa!” arima-arimatik oihukatzen dugun bitartean.

Gorosabel taldeko sortzailekidearekin berekin hitz egin dugu Bilbon, bira aurkeztu duten egunean.

Aldaketak aldaketa, zerk uste duzu definitzen duela bai hastapenetako bai gaur egungo Su Ta Gar?

Hogeita hamar urtean denak aldatzen gara, eta gaur egun ez dugu duela hogeita hamar urteko energia, gauza askotan. Baina beti saiatu gara sentitzen dugunarekin fidelak izaten, eta nik uste dut horrela dela oraindik ere.

Su Ta Garrek zerbait badauka, sentitzen duguna eta pentsatzen duena garbi erakusten duela da.

Gorka Urbizu: "Su Ta Gar gure Black Sabbath dira"

BERRI TXARRAK BEC

Argazkia: Gaizka Peñafiel

Zein dira zure lehenengo oroitzapenak Su Ta Garrekin lotuta?

Herriko igerilekuan, walkman batean erakutsi zidaten grabatutako TDK horietako bat. A aldea Su Ta Gar, B aldea EH Sukarra. Hain harrapatuta utzi ninduen, ezen udako arratsalde horretan ez bainintzen uretan sartu, entzun eta entzun.

Nola azalduko zenioke zer den Su Ta Gar ezagutzen ez dituen norbaiti?

Su Ta Gar dira gure Black Sabbath: iturburua. Asko zor diegu horregatik bakarrik.

Beren ibilbideko zein disko eta kantu aukeratuko zenituzke? Zergatik?

Lehendabiziko bi diskoak hilezkorrak dira, baina disko guztietan topa daitezke harribitxiak.

30 urteko ibilbidean mugarri bat zehaztu beharko bazenu, zein izango litzateke?

Borxaren istripua izan zen mugarri argiena. Horrek taldearen hasiera eta geroa bereizi zituen. Berarekin, lehenengo hiru diskoak grabatu genituen, eta taldea bere onenean zegoen. Harrezkero, orain dago taldea indartsuen.

Galera horren ondoren, taldea berreraikiz joan gara, nolabait esateko.

Borxa Arrillaga Su Ta Gar

Borxa Arrillaga, Su Ta Garren kontzertu batean. Istripu baten ondorioz, mugikortasuna galdu zuen 1995ean.

Gauzak zeharo aldatu dira hogeita hamar urtean musikaren panoraman eta, oro har, gizartean. Gaur egun eskura daukagunetik, zer eskertuko zukeen 1988ko Aitor Gorosabelek?

Ordenagailuarekin lan egin dut, eta gaur egun telefonoan grabatzen ditut gauzak... Egia da ezin dudala ulertu orduan zelan egiten nuen hori. Kantua momentuan egin, gitarra hartu eta jo egiten genuen; eta estudioan ere, askoz gehiago dira aukerak gaur egun.

Orain harrituta gelditzen naiz, orduan nola lan egiten genuen pentsatuta. Ez nukeen faltan botako gaur egungo ezer, baina orain bai botatzen dut faltan ezer gabe nola jarduten ginen orduan.

Zer etorri zaio burura 2018ko Aitor Gorosabeli, esaterako, “Infernurako bidean” maketako kantua berreskuratzean?

Harrituta gelditzen naiz kantu horiek berreskuratzean. Urte asko pasatu dira, eta ez naiz gogoratzen nola sortu nituen kantu horiek, buelta asko eman ote genizkien edo ez. Baina oso kantu osoak direla ikusten dut, freskoak, eta ez dut gogoan gehiegi sufritu izana beroriek sortzeko, bat-batekotasun handikoak dira.

Orain, buelta gehiago ematen dizkiozu gauzei, nik bai behintzat, eta ez dakit orain kantu horiek aterako liratekeen. Seguru asko, ez nituzke berdin sentituko, baina puntazo bat da jotzea. Denboran kristoren bidaia egitea da.

Mario Duplantier (Gojira): "Soinu erraldoia, kantu oso eraginkorrak eta teknika geldiezina ditu Su Ta Garrek"

Mario Duplantier Gojira Argazkia: Sven Mandel

Mario Duplantier Gojirako bateria. Argazkia: Sven Mandel [CC BY-SA 4.0], from Wikimedia Commons

Zein dira zure lehenengo oroitzapenak Su Ta Garrekin lotuta?

Gogoan dut Su Ta Gar entzun nuen lehen aldian anaiaren logelan nengoela. Garai hartan, egunero ezagutzen genituen talde berriak, oso aldi garrantzitsua izan zen gure kultura musikalerako eta soinu mota berri bat aurkitu genuen. Gojira oinarri horien gainean jaio zen, eragin horietatik.

Metallicaren, Sepulturaren, Megadethen eta Deathen jarraitzaileak ginen, eta zaplazteko latza izan zen Su Ta Gar ezagutzea. Soinu erraldoia zuten, kantu oso eraginkorrak eta teknika geldiezina. Euskal herritarrak zirela jakin nuenean, beste zaplazteko bat jaso nuen.

Aste batzuk geroago, 14 urte nituela, zuzenean ikustera joan nintzen gure herritik hurbil, eta esperientzia ahaztezina izan zen.

Nola azalduko zenioke zer den Su Ta Gar ezagutzen ez dituen norbaiti?

Su Ta Gar nortasun handiko talde mitikoa da, groove handia duen heavy zentzuduna egiten duena, eta euskaraz.

Beren ibilbideko zein disko eta kantu aukeratuko zenituzke? Zergatik?

Jo Ta Ke.

Disko berria grabatzen ari zarete Gojirakoak. Nola daramazue prozesua?

Disko berrirako konposatzen eta demoak egiten ari gara. Orain arte, oso pozik gaude material berriarekin, baina oraindik ez dugu kaleratze data zehatzik.

Eta zer pentsatuko luke, aldiz, duela hogeita hamar urteko Aitor Gorosabelek Su Ta Garren azken diskoko kantu bat entzungo balu?

Ez dakit. Nik uste dut pilo bat gustatuko litzaiokeela, eta orain sortzen ditugunean gelditzen garen baino harrituago geldituko litzatekeela.

Maketako eta lehen bi diskoetako kantuen hitzak (eta aurrerago idatzitako beste batzuk) garai latz baten isla eta lekukotasun dira. Herri kulturaren aldetik, herri honen historiaren kontakizun bat egin duzuela sentitzen duzue?

Ez da aurretik pentsatutako ezer izan, eta herriak eman duen zerbait garela esango nuke, gizartearen zati baten ispilua, Euskal Herrian gertatu diren hainbat gauzaren aurrean.

Dena den, guk ez dugu asmatu ez euskara, ez heavy metala ezta gai politiko eta sozialak jorratzen dituzten hitzak ere. Guk hori batu genuen, 14 edo 15 urterekin barneratuta genuena zelako.

Beste edozeinek isla zezakeena islatu dugu, metala eginez eta euskaraz.

Su Ta Gar prentsaurrekoa

Igor Diez, Xabi Bastida, Aitor Gorosabel eta Galder Arrillaga, bira aurkezteko prentsaurrekoan

Eta nola bizi izan zenuten hori guztia jaso eta maketan zein lehen bi diskoetan kaleratzeko esperientzia?

Orain ere amets bat bizitzen ari gara, 30 urte geroago Euskal Herrian musikan jardutea nahikoa amets da.

Bada, pentsa zer izan zen 18 urterekin musikazaletasun eta pentsaera berdina genuen lagun talde bat kontzertuak ematen egotea bat-batean, estudio profesionaletan grabatzea, plazak jendez gainezka ikustea… Eta gainera, heavy metala egiten! Pentsatzen genuen jendeak ez zuela gure proposamena onartuko, eta amets bat izan zen.

Brigi Duque: "Metal hutsa egiten duen taldetzarra da Su Ta Gar"

Koma

Brigi (ezkerra), Komako taldekideekin batera

Zein dira zure lehenengo oroitzapenak Su Ta Garrekin lotuta?

Sanferminetako txosnetan, duela urte batzuk. Etengabe jartzen zuten "Jo ta Ke". Eta, batez ere, beraiekin jo genuen lehenengo aldia. Ez dakit zehatz-mehatz noiz izan zen ez bata ez bestea.

Nola azalduko zenioke zer den Su Ta Gar ezagutzen ez dituen norbaiti?

Su Ta Gar metal hutsa egiten duen taldetzarra da, bihotzarekin eta Euskal Herriko bihotzetik.

Beren ibilbideko zein disko eta kantu aukeratuko zenituzke? Zergatik?

Bada, ez dakit zein esan oso kantu onak dituztelako diskografia osoan zehar. Burura etorri zaizkidan lehenengoak "Gau iluna amaitu da" eta "Rotaflexa garraxika" dira.

Nolakoak izango dira birako kontzertuak?

30 urte atzera egiteko bidaia izatea nahi dugu, baina nostalgiarik gabea, ezpada bide hori egin ahal izateak ematen digun poztasunetik begiratuta.

Gure hastapenak gogoratu eta bizi, eta garai hartan bizi izan ez dituztenentzat kanta horiek jo. Orduko kantu esanguratsuenak jo ohi ditugu gure kontzertuetan, baina oraingoan maketa eta Jaiotze basatia diskoa osorik joko ditugu, eta Hortzak estuturik diskoko kantu batzuk ere bai.

Gainera, garai hartako irudiak erakutsiko ditugu, eta ezagutu ez gintuztenek ikusi ahalko dute nolakoak ginen eta zelako kontzertuak ematen genituen duela 30 urte.

aitor gorosabel su ta gar

Aitor Gorosabel, 1993ko kontzertu batean

Aurrera begira, kantu berririk sortzen-edo hasi zarete?

Bai, biraren aurretik hasi ginen lokalean kantu batzuk prestatzen. Orain, alde batera lagata daukagu hori, baina, bira bukatzen denean, berriro helduko diegu eta gure asmoa da datorren urterako, lehenago edo beranduago, disko berri bat kaleratzea.

Su Ta Gar luzerako izango dugu, beraz

Gustatuko litzaiguke berrogeigarrena ere ospatzea. Urte asko dira hau gure ogibidea bihurtzeko apustua egin genuela, eta lortzen ari gara, hobeto edo okerrago. Horren alde borrokatzen jarraituko dugu. Gure bizitzako bi herenak honetan egin ditugu, eta esango nuke ez dakigula beste modu batean bizitzen.

Momentua bizi dugu, eta aurrera begira gaude. Epe motzeko mugarriak jarri, eta horiek betetzen jarraituko dugu.

su ta gar 30 urte

Hauek dira “Su Ta Gar. 30 urte” birako kontzertuen datak:

Azaroak 9: Atarrabia (Totem)

Azaroak 15: Bartzelona (Apolo 2)

Azaroak 24: Durango (Plateruena)

Abenduak 1: Donostia (Intxaurrondo KE)

Abenduak 8: Berlin (Clash)

Abenduak 15: Biarritz (Atabal)

Abenduak 22: Gasteiz (Jimmy Jazz)

Abenduak 28: Bilbo (Santana 27)