Itxi

Musika

Emanaldiak

Eric Burdon eta Dr. John, Bilboko BBK aretoan uztailean

Erredakzioa

Bi musikari handiok 'Music Legends' zikloaren baitan eskainiko dituzten emanaldiek Marianne Faithfull, Peter Hammill, John Mayall eta Albert Lee artistek osatzen duten programazioa beteko dute.

Eric Burdon The Animals taldeko kantaria (uztailak 20) eta Dr John New Orleanseko piano-jotzailea (uztailak 4) Bilboko BBK aretoan izango dira ''Music Legends'' zikloan parte hartzeko.

Emanaldi hauek iragarrita Bilboko erdigunean dagoen aretoak itxitzat eman du udaberri-uda kanpainako ''Music Legends'' zikloa. Programazioa Marianne Faithfull (apirilak 5), Peter Hammill (maiatzak 25), John Mayall (ekainak 14) eta Albert Lee (ekainak 24) artisten kontzertuek osatzen dute.

''Music Legends'' bere garaian nazioarte mailan ospea lortutako taldeetan ibili eta gaur egun musika lantzen jarraitzen duten musikariak gerturatzeko helburuarekin sortu zuten.

Eric Burdon Erresuma Batuko blues rock abeslaria da. Bakarkako ibilbideari ekin aurretik, The Animals taldeko sortzaile eta abeslaria izan zen. Talde honekin, ''The house of the rising sun'', ''Good times'', ''Don''t let me be misunderstood'' eta beste abesti ezagun asko sortu zituen.

New Orleanseko blues, gospel eta rock-and-roll piano-jotzailea da Dr. John. New Orleanseko rythm-and-bluesa eta rock psikodelikoa nahasteari esker, zeresan handia eman zuen 60ko hamarkadako amaieran eta 70ko hamarkadako hasieran.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, Marianne Faithfullek apirilaren 5ean eskainiko duen emanaldiko sarrerak agortu daude, baina gainerako emanaldietako sarrerak salgai daude dagoeneko.