Itxi

Musika

Apirilean

Ainhoa Arteta Bilbon izango dugu, 'Eugene Onegin' opera taularatzeko

Erredakzioa

Scott Hendricks Estatu Batuetako baritonoa izango du taula gainean lagun.

Apirilaren 9an, 12an, 15ean eta 18an, Eugene Onegin Piotr Ilitx Txaikovskiren opera ikusi ahal izango dugu Bilbon, OLBE Operaren Bilboko Lagunen Elkarteak programatuta. Ainhoa Arteta soprano gipuzkoarra eta Scott Hendricks Estatu Batuetako baritonoa izango dira taula gainean, Bilboko Euskaldun Jauregian.

Eszenografia izoztua da opera honetako ezaugarri nagusietako bat. Artetak berak aurkezpenean azaldu duenez, ''''Errusiar opera da, goitik behera'''', eta aktoreak berak ere ''''katiuskak jantzita'''' ateratzen dira.

Izotz artifiziala erabili dute ekoizpenean. Operak aurrera egin ahala, izotz hori urtzen doa, aktoreak igerileku itxurako espazioan murgilduta bukatu arte. Izotza, gainera, metafora ere bada pertsonaia bakoitza taula gainean pairatzen ari dena agerian uzteko.

Eugene Onegin Alexander Pushkin Errusiako idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako drama lirikoa da. Onegin aristokrata aspergarri eta berekoia penatuta bizi da, Tatyanaren (Arteta) amodioa errefusatu duelako eta bere lagunik onenarekin hil edo biziko duelua bultzatu duelako.