Itxi

Musika

Musika

Bilbo, rockaren mapan

Erredakzioa

Jaialdi erraldoiek, eta Rolling Stones, AC DC, Rammstein, Shakira eta beste hainbat artista handiren emanaldiek nazioarteko musika eszenan kokatu dute Bizkaiko hiriburua.

2006an irauli zen Bilboko musika eszena. Urte horretan, Bilboko Udalak eskatuta, Last Tour International enpresak Bilbao Live jaialdia antolatu zuen, egun Bilbao BBK Live deitzen dena. Aurretik, Bizkaiko hiriburuan ''jaialdi handi'' bat egiteko hainbat saiakera egon ziren, tartean Rock Azoka, B.A.R. (Bilbao Acción Rock) eta BUM (Bilbao Urban Festival).

Euskal Herriko hiru eragile bilatu ditugu Bilboko joera berria aztertu nahian.

''Beti egon dira Bilbon kontzertu erraldoiak (Rolling Stones, Bruce Springsteen, Luciano Pavarotti, etab.). Agian, ohikoa ez zena lehen mailako artistak urtero etortzea zen'', esan du Ibai Villapunek, Last Tour Internationaleko prentsa arduradunak. Enpresa honek antolatzen du, besteak beste, Bilbao BBK Live jaialdia.

Kontzertu erraldoiak Bilbora iritsi aurretik, 80ko hamarkadaren hasieran The Clash, The Ramones eta AC DC taldeak Donostian egon ziren, eta geroago U2 eta Pink Floyd egon ziren, esaterako. Iñigo Argomaniz Get In enpresako arduraduna da eta 70eko hamarkada jo du Euskal Herrian kontzertu handiak ospatzen hasi zireneko garaitzat: ''70ean promotore pribatu batzuk Anoetako Belodromoa eta beste areto batzuk erabiltzen hasi zirenean abiatu zen joera hau''.

Nahiz eta oraindik Gipuzkoako hiriburuan ikuskizunak antolatzen diren, Bon Jovik uztailean eskainiko duen kontzertua, berbarako, Bilbok hartu du Donostiak izandako ikuskizunen erreleboa: ''BBK Livek jarraipena eman dio hirian nazioarteko artista ezagunak aritzearen joerari. Bilbo nazioarteko ikuskizunen zirkuituan sartzeko aitzakietariko bat izan dela uste dugu'', esan du Villapunek. Aipagarria da azkeneko urteetan Rolling Stones, AC DC, Rammstein, Metallica, Shakira, The Police eta The Who aritu direla Bilboko eszenatokietan.

Azkeneko urteotan jaialdi eta kontzertuak ugaritu izanak arrisku berri bat sortu du: ikuskizunaren munduan higiezinen esparruan sortu zenaren antzeko ''burbuila'' sortu izanarena, alegia. ''Gure helburua lehengo berbera da: Bilbora kalitate handiko artista ezagunak ekartzea, bilbotarren, euskal herritarren eta kanpotik datozenen gogoa bete eta hiriaren ekonomia indartzeko''.&' || 'nbsp;

Argomanizek zuhurtasunez jokatu du: ''Agian beste urte batzuk jarraituko dugu horrelako kontzertu eskaintzarekin, baina denborarekin normaltasunera itzuliko gara''. Hau gaineratu du: ''Euskal Herrian aukera asko eskaintzen dituzten egitura handiak ditugu''.

Joera honen ondorioz, gero eta artista gutxiago falta dira Bilbora ekartzeko: U2 eta Madonna, adibidez: ''Eskaintzak egin dizkiegu artista horiei azkeneko urteetan, baina konpetentzia gogorra dago: Zaragoza, Sevilla, Valentzia... Hiri horiek ere eskaintza handiak egiten dituzte eta ezin da beti irabazi'', esan du Villapunek.