Musika
Igande honetan
Pastora Solerren '15 años en concierto' ikuskizuna, Arriaga Antzokian
Erredakzioa
Igande honetan, maiatzaren 8an, Bilboko Arriaga Antzokiak Sevillako artista honen zuzenekoa hartuko du. Abeslariak 15 urte daramatza musika munduan eta hura ospatzeko, azken diskoa aurkeztera dator.
Pastora Soler abeslaria Bilboko Arriaga Antzokian izango da igande honetan, maiatzaren 8an, 15 años en concierto zuzenean grabatutako azken diskoa Euskadiko entzuleriaren aurrean aurkezteko. Lan honekin musika munduan izandako 10 urte baino gehiagoko ibilbidea ospatu nahi izan du.
Musika Sarietan Espainiako musikaren Disko Onenaren saria irabazi berri du Solerrek azken album honekin. 15 años en concierto poparen, koplaren eta flamenkoaren bidez egindako bidaia musikala da. Arriaga Antzokiak prentsa-ohar baten bidez jakinarazi duenez, "harmonia fusio bat da, bertan sekulako eta askotariko estiloen nahasketak bat egiten dutelako, bere generoan bakarra den eszenaratze bat eginez".
Sevillako artistak estudioko 8 lan kaleratu ditu eta tartean, platinozko hiru disko eta urrezko beste lau lortu ditu. Estudioan grabatutako azken diskoari buruz, Bendita locura izenburukoa, zera adierazi du abeslariak: "...gauza batzuk ezin dira hitzen bitartez igorri eta, beraz, nire ahotsa eta musikarekin egiten jarraituko dut".
Bilbon eskainiko duen hitzordua 19:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude 12 eta 15 euro bitartean Arriaga Antzokiko txarteldegietan, honen webgunean, 944 310 310 telefonoan eta BBKko zerbitzu anitzeko kutxazainetan.