Musika
Elkarrizketa
'Gazteei, garagardotik baino, kulturatik edatera eman behar zaie'
EKE/Xan Aire
Antton Lannes EHZ elkarteko permanentea da. Aurtengo programazioa dastarazteaz gain, Heletara hurbiltzeko mila arrazoi luzatu ditu, EHZ eta bere nortasun berezia kartsuki defendatuz.
Antton Lannes (1984, Uztaritze, Lapurdi) Euskal Herria Zuzenean (EHZ) elkarteko permanentea da. Aurtengo programazioa dastarazteaz gain, Heletara hurbiltzeko mila arrazoi luzatu ditu, EHZ eta bere nortasun berezia kartsuki defendatuz. Uztailaren 1, 2 eta 3an, konkurrentziako mugetatik at, herri bat zuzenean izanen baita.
Aitatxi beti kantuz ibiltzen zen, Robert eta Anje osabak ere bai. Ni ez naiz musikaria, ez deus, baina eragina izan du ene bizian, inkontzienteki bada ere, horrela baitut euskal musika dastatu. Gero, hori dena ikastolan garatu dut, bistan dena.
Eta, gaztetxoa zinelarik, zer musika klase entzuten zenuen?
Negu Gorriak! Gure garaian, iruditzen zait Su Ta Garren zaleak bazirela alde batetik, eta bestetik, Negu Gorriaken zaleak. Ni haietakoa nintzen. Baina beti penetan egon naiz, behin baizik ez ikusirik, beren azken kontzertuan. Gazteegi nintzen ongi preziatzeko. Eta gero, badakit Sustraiaren dantzaldietara ere joaten nintzela. Baina Mikel Laboa, Etxahun Iruri, Xabier Lete eta halako artistak berantago ezagutu ditut. Hor zaizkit aitatxiren kantu xaharrak berriz gogora itzuli, eta pena nuen haiek hain guti ezagutzea. Hala ere, Negu Gorriak bukatu ondoan, euskal musika gutiago entzun dut, nahiz eta
Kolpe K taldearen fan club bat kasik muntatu genuen! Gisa guztiz, musika estilo berezirik ez dut.
Negu Gorriak taldearen ondotik, zer zen, halako hutsunea gertatu euskal musikan?
A bai! Ene iduriko, Negu Gorriak talde bakarra izan da, Euskal Herrian, zinezko ospe internazionala ukan duena. Talde bakarra izan da irudia, komunikazioa, musika estiloak eta gaiak nahasten eta uztartzen jakin izan duena ere.
Eta Fermin Muguruza?
Bere ibilbidea kristorena da. Eta ez musikan bakarrik. Dokumental sorta hori ere egiten ari da Al-Jazeera telebistarentzat... Kortatu eta Negu Gorriak taldeen motorra izandakoa. Kritika franko ukan izan du, baina nik horrelako pertsonak gustukoak ditut. Arriskuak hartzen dituzte, hautuak egiten dituzte jakinez kritikak jasanen dituztela. Oztopoak gainditzea, hori aitzinatzea da.
Aurtengo festibalaren lelotik hurbil gabiltza, hor... Zergatik ''''Mugetatik at''''?
Badu bi urte aktibitateak areagotzen ari direla. Pixka bat Pizturen, EHZ festibala sortu zuen elkartearen, izpiritura itzuli nahi izan dugu. Ekimenak aniztu, baina bakoitzari koherentzia emanez, eta proiektu orokorrari zentzua emanez. EHrZ lehiaketa sortu dugu musika produktore erraldoien mugak apurtzeko, lekuko taldeei eszenatoki duina eta oihartzuna eskainiz. Elektrotasuna, berriz, euskal kultura folklore mugetatik ateratzeko. Eta EHZ festibala, noski, mugaz gaindi joaten den ekimena da. Bai lurraldetasuna aldetik, Euskal Herriari begira, bai kulturalki, gauza berriak eskainiz ezagutzen ditugun mugetatik at joaten baikara.
Aldi berean, zuen sustraiak euskal kulturan sendo dituzuela ageri da...
Hori ez da begietatik galdu behar. Egiten dugun guztiaren oinarria euskal kulturan da. Eta euskaran ere bai. EHZ festibala aktore kulturala da Euskal Herrian, baina tresna ere bada. Euskal kultura eta euskara plazaratzen dira, eta horien erabilpena sustatzen. Bestalde, gure herriko elkarteak laguntzen ere saiatzen gara, haien arteko plataforma osatuz. Horrek, Pizturen garaian, eragin handiagoa zuen, materiala uzten baitzuen taldeen esku eta elkarteak diruz laguntzen baitzituen. Gaur egun, hori ez da posible, iaz, adibidez, justu-justu atera baikara diru mailan, eta azken urteak, orokorki, zailak izan baitira. Heletan garenetik, ez dugu jakiten ahal festibalak errealki zer balio duen: duela bi urte Manu Chaoren kontzertua izan zen, eta horrek sekulako jendea ekarrarazi zuen; iaz, kontrakoa, ekaitz batengatik gau bat ezeztatu baikenuen. 2011n, Heletako festibalaren egonkortasuna ikusiko da diru-mailan.
Festibal bat herri batean integratzea garrantzitsua da?
Bai. Lehenik, festibal anitz bada. Euskal Herrian dugun zoriona kultura herrikoia eta azkarra ukaitea da. Hori anitz lekutan galtzen ari da. Festibal batean, kultura hori zinez sentitzea inportantea da, plazaren eta bere giroaren garrantzia kontuan hartuz. Eta plaza bat herri baten bihotzean baizik ez da aurkitzen. Gainera, aberastasuna dugu arte aldetik: dantza, antzerkia, musika, elkarteak... Hori ezinbestekoa da, batez ere musika mailan, beharbada hor zailtasun gehiago dugulako arraberritzeko. Baina EHZ ez da musika festibala soilik, eta hori ere inportantea da. Gure festibalera heldu denak nahi duena kontsumitzen ahal du, nahi duen bezala, giro berezian. Hala ere, logistika mailan, festibala herri baten erdian antolatzea biziki zaila da, herriari seguritatea eskaintzea ez baita ahantzi behar, besteak beste. Konkurrentziari begira, ordea, plus bat da guretzat herri giroa sortzea festibalean.
EHZk konkurrentzia handia du?
Geroz eta handiagoa. Akitaniako ikuspegitik, EHZ zaharrenetarik da. Geroztik, Marmandeko Garorock izan da, Emmaüs, Océaniques, Biarritzeko Big Festival, hanpatzen ari dena, Gasteizko Azkena Rock eta Bilboko BBK Live. Horiek denak gutarik hurbil dira, guti edo anitz. Azken biekin, bereziki, programazioan ez gara hein berean izaten ahal, ez da posible. Beti diru gehiago ukanen dute, non eta gu ez garen
Banque Inchauspe festibala bilakatzen, adibidez...
EHZ beste festibaletatik zinez ezberdina da?
Nik desberdintasun handia egiten dut, barnetik ikusirik. Kanpotik ikusirik, espero dut jendeak ere egiten duela, badakiela nora heldu den. Eskaintzan desberdinak gara, alde militanteari ere garrantzia ematen diogu, euskal kulturari... Antolaketa mailan, guk plantatzen ditugun irizpideak besteek ez dituzte. Guk, enpresa babesleak hor ditugu beharrez, partaide teknikoak baitira. Enpresa batek ez dizkigu ehun mila euro ematen bere logoa handiz agertzeko festibalean. Azkenik, jakin nahiko nuke Europan zenbat festibal diren laguntzaileen lanean oinarrituak. 650 laguntzaile ditugu, bi langile eta erdi, gehienez, gauzak beti aldatzen baitira.
EHZra ikusle gisa heldu bazina, aurtengo edizioan zer kontzertu ikus zenezake?
Ostiralean, Morcheeba eta IAM, larunbatean, Jim Jones, Atom Rhumba eta Goose, eta igandean... nik uste besta eginen nukeela, kontzertu berezirik begiratu gabe, ez bainaiz hain reggae zalea. Nahiz eta Tiken Jah Fakolyren kontzertuak beti erraldoiak eta bikainak diren.
Azken aldian modan den gauza bat, euskal kultura gazte kultura dela. Inportantea ote da?
Hala da. Gazteak hunkitzea inportantea da, batez ere geroari begira. Ez dakit, ordea, gure kultura aski biziarazten dugun. Euskal kultura hiltzen ari dela erranez batean, gauzak antolatuz, aski urrun joaten ote gara? Gure sustraiak hor ditugu, baina askatasunik aski hartzen ote dugu gure sorkuntzetan? Sorgin, EHZ kari bultzatu dugun sorkuntza, ildo horretatik doa. Gauza bat, ordea, argi da: gazteei, garagardotik baino, euskal kulturatik edatera eman behar zaie.