Musika
69 urte zituela
Clarence Clemons Bruce Springsteenen saxofoi-jotzailea hil da
Erredakzioa
E Street Band musika taldeko kidea zen Clemons. Larunbat honetan zendu da Florindan, duela astebete burmuinean izandako odol isuri batek jota.
-
Clarence Clemons E Street Bandeko saxofoi-jotzailea hil da. Argazkia: EFE
Clarence Clemons Bruce Springsteenen E Street Band musika taldearen saxofoi-jotzailea hil da Floridan, larunbat honetan, 69 urte zituela. Palm Beacheko erietxe batean ospitaleratuta zegoen Clemons, duela astebete burmuinean izandako odol isuri bat izan zuelako. Heriotzaren unean, saxofoi-jotzailea Victoria bere bosgarren emaztearekin eta hainbat senitartekoarekin zegoen.
''The Big Man'' izengoitiarekin ezaguna zen Clemons, gorpuzkera handia zuelako. Lau hamarkada eman zituen E Street Bandeko abesti mitikoenak konposatzen tartean, Thunder Road, Badlands, Jungleland edo Born to Run (1975. urtean kaleratutako diskoaren azalean Bruce Springsteenekin batera agertu zen).
Azken urteetan, hainbatetan ebakuntzak egin zizkioten belaunetan eta bizkarran. Bere azken agerraldi publikoa maiatzaren 25ean izan zen, American Idol&' || 'nbsp;AEBetako saioan Lady Gagarekin egon baitzen.
Bere heriotzaren berria jakin bezain laster, laguna agurtzeko ohar bat zabaldu du Bruce Springsteenek bere webgunean. "Nire lagun handia eta bazkidea zen, eta Clarence nire ondoan izanda, musika taldeak istorio sakonagoa kontatzeko gaitasuna zuen".
"Bere bizitza, oroimena eta maitasuna bizirik mantenduko dira istorio horretan eta gure taldearen historian ere. Bere galera oso handia da eta hura 40 urte inguru ezagutzeagatik harro gaude", gaineratu du.