Itxi

Musika

Urtarrilak 2-5

EGOk Hegoaldeko lau hiriburuetara eramango du Mahlerren 4. sinfonia

eitb.eus

Euskal Herriko Gazte Orkestrako 45 musikari Eibarren daude kontzentratuta, abenduaren 21etik, errepertorioa prestatzen. Kontzertuak urtarrilaren 2 eta 5 artean izango dira.

  • EGO

    Euskal Herriko Gazte Orkestra Gasteiz, Donostia, Bilbo eta Iruñean arituko da urtarrilaren 2ik 5era

Euskal Herriko Gazte Orkestrak Gustav Mahler maisuaren 4 zenbakiko sinfonia aurkeztuko du urtarrilaren 2 (Printzipal antzokia, Gasteiz), 3 (Kursaal, Donostia), 4 (Euskalduna, Bilbo) eta 5ean (Gayarren antzokia, Iruñea), Klaus Simonen egokitzapenean.

Orkestrako musikariak abenduaren 21etik daude Eibarren kontzentratuta, alboan Euskadiko Orkestra Sinfonikoko, Musikeneko eta Bartzelonako Liceoko irakasleak dituztela, eta neguko bira honetan Maria Matin Campos sopranoa (Irun, 1996) izango dute lagun.

Euskal Herriko Gazte Orkestra duela 22 urte sortu zuten, eta, harrezkero, 1.000 musikari baino gehiagoren hezkuntzan lagundu du, eta musika sinfonikoko eta ganbera musikako 150 kontzertu eskaini ditu sei herrialdetan.

Gustav Mahlerren 4 zenbakiko sinfonia austriar maisuaren laburrenetakoa da, eta 1899ko uztail eta 1900ko abuztu artean konposatu zuen. Klaus Simonen konponketa (2007) ezagunenetakoa da, eta, EGOtik azaldu dutenez, Mahlerren musikaren intimitatea azpimarratzen du.