Itxi

Musika

Egunerokoa

Willis Drummonden "Zugzwang Tour" biraren egunerokoa (II)

Jurgi Ekiza | Xan Bidegain | Felix Buff

Bilbon eta Atabalen jo eta gero, Japoniara, Australiara eta Tahitira eramango dute diskoa Willis Drummondekoek, eta hemen kontatuko dizkigute biraren nondik norakoak.

  • Willis Drummond

    Willis Drummonden birako bigarren emanaldia Myokon izan da, eski pisten erdian

2020-02-14, 11:00 (Xan)

Lehen gaua pasatu da, eta berarekin jet lag delakoa. Myaren Dodge furgonetan igo gara Japonicus crew guzia: Shogo road managerra, DJ Txako, DJ Caribean Dandy eta gu hirurak! Hakuba Japoniako Alpeetan dugu lehen kontzertua.

Ze goxo den hiritik ateratzea eta mendi artean pasatzea! Hemen ere negua aski beroa da, sobera beroa, eta Euskal Herrian garela dirudi, nahiz eta autobideko kartelak ez ditugun ulertzen… Furgonetako bidaiak gustatzen zaizkit, lasaitasun bat sortzen da, musikaz gozatzeko, solastatzeko edo bereninetik begiratuz gogoetetan galtzeko. Nere zangoa zauritu nuen Atabalen agertokitik erori nintzelarik, baina gaur pixka bat hobeki sentitzen naiz…
Kristoren gogoa dugu gauean jotzeko!

2020-02-14   16:19 (Jurgi)
Espazio hutsak.
Gaizki-ulertze batek laguntzen du batzuetan. Ulertu genuen furgo bat alokatu eta gidatu beharko genukeela, 4 orduko bidaia egiteko Tokiotik Hakubara... Baina suertez ez dugu horrelakorik egin behar. Goiz honetan etorri da gure bila lagun berri bat, MYA, bere Dodgearekin. 

Gure kontzertuaz gain, gau honetan ariko dira Txako, Kaz Sufo eta Shinji DJak, hirurak Caribbean Dandy kolektibokoak, hots Japonicuseko familia... Beraz, abiatu gara zortziak furgoan. Shakadon gelditu 15 minutu, eta Hakubara iritsi bazkaltzeko...

Apartamendu bat dugu denontzat, justu aretoaren gainean. Etxe japoniarra zinez, egongela berezi hauekin, mahai eta aulki apalekin eta gela ezberdinen artean “lerratzen” diren ate hauek...

Lehen atea ireki eta “hau da zuen logela” erraten digu Shogok. Eta bista berezi hori: gela hutsa... Huts-hutsa. Lurrean tatamiak, leiho bat, apainketarik ez, altzaririk ere ez. Armairu batean, futon delakoak plegaturik, eta estaliak, lo egiteko tenorean (ala siestan!) soilik instalatuko ditugunak, berriz biltzeko justu esnatu eta gero.

Kontzeptua biziki ona da, segituan ongi-sentitze bat sortzen duelako, inolako “kutsadura” emozionalik gabe. Gela pausatzeko pentsatua da, eta ez da gauza hobeagorik hori lortzeko: espazio hutsa.

Behera goaz soinu proba egiteko. Taberna hetsita da momentukotz, espazio ederra da. Momentukotz, espazio hutsa ere. Soinuz betetzen hasten gara... Ea giroz beteko den zenbat orduren buruan.

2020-02-14 18:00 (Xan)

Soinu proba egina dugu, Mya gidaria Japoniako telebista batean soinu teknikaria da, eta ahotsak orekatzen lagundu gaitu. Ze plazera agertoki handiak utzirik berriz ostatu/klub batean jotzea. Anpliak badira gitarra eta baxuarentzat, bateriak itxura baino soinu askoz hobea du.

Kriston gogoa dugu jotzeko!

2020-02-14 23:59 (Xan)

Birako lehen kontzertua pasatu da! Eta ongi, gainera! Tracks kluba ez zen betea, hori ez, baina bertakoen artean giro polita sortu da eta azkenean oso ondo pasatu dugu. 45 minutuko setlist aski indartsua eskaini diegu, eta bertako materialari hauts guzia kendu! Orain zerbait afaldu eta jet lag madarikatu horren azken efektuak garagardo batean ito eta ohera joan beharko gara!

2020-02-15   11:32 (Jurgi)
Furgoan berriro.
Nagano amaiezina zeharkatzen ari gara, Myokora joateko. Gaur kontzertua dugu egunean zehar, kanpoan dagoen eszena batean, elur erdian, eski pisten oinetan... Berriz ere esperientzia berri bat!
Bira honetan, kanta-zerrendak probak egin eta gero erabakitzen ditugu, lekuari, backlineari eta giroari egokituz... Ea zer joko dugun gaur...

2020-02-16 11:00 (Jurgi)

Elurra eta eguzkiaren artean, zeru gris baten azpian. Myokotik bueltan. Atzoko eguna biziki berezia izan da. Arrazoi ezberdinengatik, estatu baketsu batean ezarri gaitu.

Mendiaren eta elurraren efektua izanen da segur aski, baina ez soilik. Lehenik, kontzertua bera esperientzia polita izan da... Kanpoan jotzea, egunean zehar, pisten zangoan, zinez ederra izan da...

Antolatzaileentzat, baita Shogorentzat ere, “première” bat zen, eta denok kontent atera gara esperientziatik... Kontzeptua kontzertu ziklo bilakatuko da orain, eta festibal baten proiektua dute bertan, segur aski gehiago udan.

Samuelek, tokiko nagusiak, biziki trebea ematen du aferetan; beraz, ez dut dudarik lortuko dutela. Beraz espero dugu bizi osorako PASS bat lortzea festibal horrendako, leku horretan jo duen lehendabiziko talde gisa... Kar-kar... Hori ez dakigu, ez, baina ziur joko dugula bertan, gauzatzen bada proiektua: ez da gutti!

Gomit gara nahi dugunean bere etxera ere, neguan eskiatzeko, ala udan canyoning ala stand-up paddlea egiteko... Ez dut hori ahantziko nik. Lekua eta zonaldea eder-ederrak dira, eta Hakuban elur falta argiki nabaritzen bazen (beroketa globalizatuaren efektu konkretua), Myokon elur ederrak daude garai hauetan, eta etxe guzien aitzinean ageri dira pala eta eskorgak, ate aitzinak libratzeko, beharrez gero.

Estudioko sei lan izateak bere abantailak ditu. Haien artean, setlista momentuari egokitzea da bat. Beraz mid tempo kantutan oinarritu gara nagusiki (“Komedia”, “A ala B”, Laboaren bertsioa, “Lehentasuna”, “Bigarren aukera”...), gauza biziagoekin amaitzeko. Izerdi handirik ez dugu bota, egia erran, aitortzen dut, baina elur erdian izanik, ez al da normala?

Gure ondotik, Carribean Dandyko DJek giro ederra sortu dute, eta ez naiz menuetan luzatuko baina berriz ere paregabeko janari batez gozatu dugu... Bira gastronomikoa bizitzen ari gara, zinez.

Gauean, gainera, jantegian bertan, garagardo artisau baten fabrika zegoen, sari bat baino gehiago irabazi dituena, eta nola ez, dastatze bat egin dugu. IPA eder batez gain, garagardo ilun liluragarri bat zuten... Afariko edaria bilakatu da.

Hotela, beste sorpresa ederra izan da. Aurreko biran, ez genuen hotelik hartu behar izan; beraz, behin ere tour honetan, esperientzia berria. Eta logikoa bada ere, hoteleko logelak ere espazio oso hutsak dira... Mahai apala erdian, futon plegatuak inguruan. Apainketarik ez baina elegantzia sinple bat. Armairuan, bakoitzerako kimono bat, baita ahozapi batzuk, haien artean, ur bero japoniar tradizionalera joateko erabiltzen den ttipi-ttipi bat. Sexua kukutzeko soilik erabiltzen da, baina fite ohartu gara jendeak gehiago mantentzen duela eskuan, sexu aitzinean baino!

Duen zauriagatik, Xan ez da ausartu ur beroetara joaten noski, baina Felix eta biok igo gara 3. estaiara, kanpoan diren ur beroetan bainatzeko.

Ze sorpresa sartzea aldagelan eta japoniar gazte batek ahoskatzea “arratsalde on”. Bua... Nola posible zen?? Mutikoak ikusi gintuen arratsaldean, ulertu zuen Euskal Herritik heldu ginela eta ahaztu genituen gure ahozapien bila joateko denboran, Interneten bidez ikasi zuen hori.

Eta, horrez gain, ez dakigu nondik, atera ditu bi mini goxoki pakete, eta guri eskaini zizkigun. Gehitu zuen bera artista grafikoa zela (Mr. Green izenpean aurkitzen ahal duzue Instagramen). Azaldu zigun protokoloa ere, eta gozatu genuen behar den bezala 40 graduko ur bero natural hauetaz... Hain ezberdin geratzen zaigun kultura horren parean, Shogorekin ez garenean, obserbazioa baizik ez dugu gauzak ikasteko, komunikazioa nahiko zaila eta mugatua baita.

Baina eni gustatzen zait anitz hori, eta biziki ongi bizitzen dut. Nagusi den lasaitasun eta isiltasunak anitz laguntzen dute ongi sentitzeko, egoera desorekagarrietan ere.
Pixkanaka gorputza usatzen da erritmo berriari, baita burua ere. Gero eta gutiago hartzen dut kontuan etxeko tenorea, etab. Ez da erraza, baina bi errealitate betan bizitzea ez da sanoa, eta errealitate batez zinez gozatzeko, lortu behar da besteaz askatzen... Kontzienteki ala inkontzienteki, bide horretan gaude edozein gisaz, eta harrigarria zaigu pentsatzea 4 egun baizik ez ditugula eramaten etxetik kanpo momentukotz.

Orain, Tokiora itzultzen ari gara, sarri gure lehendabiziko kontzertu akustikoa dugulako, Cafe Lavanderian, Shinjuku auzo famatuan. Jadanik ezagutzen dugu lekua, aitzineko biran bertan jo genuen. Leku ttipi, alternatibo eta maitagarria... Duela bi urte, sorpresa handia izan zen ukaitea Zoe Kravitz publikoaren erdian, lurrean jarria guri so. Ea holako gonbidaturik izanen dugun gaur...

Ze gogoak gitarra anplian entxufatzeko!

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena