Itxi

Musika

Berlinale

Maider Fernandez eta Jorge Moneo, Berlinale Talents programan

eitb.eus

Bi gazteek beren proiektuak ezagutaraziko dituzte Berlingo zinema jaialdian. Gaur, ostegunarekin, hasiko da Berlinale.

  • Maider Fernandez Iriarte

    Maider Fernandez Iriartek martxoaren 13an estreinatuko du "Las letras de Jordi"

Berlinale Talents egitasmoak, Berlingo nazioarteko zinemaldiak talentua garatzeko abiarazi duen programak, Maider Fernández Iriarte eta Jorge Moneo euskal zinemagile gazteak aukeratu ditu aurten bertan parte hartzeko.

Otsailaren 22tik 27ra, 250 gaztek beren proiektuak erakutsi eta hobetzeko aukera izango dute Alemaniako zinema jaialdian. Gainera, aurten ere Basque Audiovisualek stand bat edukiko du Berlinalen, eta hauek izango dira bertan ordezkatuta: Amania Films, Arena Comunicación, Atera Films, Banatu Filmak, Berlineko Euskal Etxea, Doxa Producciones, Dynamite Films, Euskadi Movie AIE, Gariza Films, Ikusgarri Films, Irusoin, Izar Films, Kalakalab, Kowalski Films, Lamia Producciones, Pimpi&Nella, Sonora Films, Txintxua Films, Vitoria-Gasteiz Film Office, Zineuskadi, Zinegoak, Zinebi eta Zinetxiki. 

70. edizioa

Berlinalek ostegunean, otsailak 20, abiatuko du 70. edizioan, eta Sail Ofizialean, besteak beste, “The roads not taken” (Sally Potter britainiarra) eta “There is no Evil” (Mohammad Rasoulof irandarra) proiektatuko dituzte.

Nazioarteko epaimahaiaren burua Jeremy Irons britainiar aktorea izango da, eta ondoan izango ditu, besteak beste, Berenice Bejo aktore frantses-argentinarra eta Kleber Mendoça Filho zinemagile brasildarra.

Orotara, 340 film proiektatuko dituzte sail guztietan, martxoaren 1ean, ikuslearen eguna ospatuta, Berlinale ixten dutenera arte. Hellen Mirrenek Ohorezko Hartza jasoko du, ibilbide osoaren sari gisa.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Musika
  • Kultura