Itxi

Musika

Martxoak 5-8

Parisko soinuak Bilbora eramango ditu Musika-Música jaialdiak

eitb.eus

Musika klasikoko Bilboko musika jaialdiak kontzertu eta hitzaldiak eskainiko ditu lau egunez, Frantziako hiriburua ardatz dela.

  • Bilboko Udal Banda

    Hamarka kontzertu egongo dira lau egunean

Musika-Música jaialdiak musikaz beteko du berriz Euskalduna Jauregia, aurtengoan martxoaren 5, 6, 7 eta 8an. Kontzertuak izango dira nagusi, baina beste jarduera batzuk ere prestatu dituzte, jaialdiaren gaiarekin lotuta.

Gazteenek Stravinsky eta Debussyren musikaz gozatu ahalko dute haurrentzako ikastaroetan; izan ere, umeentzako tailerrak, literatura, antzerkia eta ipuin musikalak izango dira aurtengo jarduera paraleloetako batzuk.

Kontzertuei dagokienez, ostegunean, zortzietatik aurrera, Erik Nielsenek Bilboko Orkestra Sinfonikoa eta Koral Elkartea zuzenduko ditu. Poulenc eta Stravinskyren lanak joko dituzte, Vanessa Goikoetxea sopranoarekin.

Ostiralean, 19:00etan hasiko dira kontzertuak Euskaldunan, eta bertako hainbat espaziotatik igaroko dira Galiziako Orkestra Sinfonikoa, Vienako Ganbera Orkestra, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoa eta Granadako Hiri Orkestra, Carlos Menaren zuzendaritzapean, eta Ravelen, Debussyren eta Chopinen obrak entzungo dira, besteak beste.

Larunbatean, 11:15ean hasiko da musika entzuten, eta, besteak beste, hauek arituko dira: Mariam Batsashvili, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Olatza Saitua sopranoa, Labeque Ahizpak BOSekin… 

Igandean, Labeque Ahizpak jaialdira itzuliko dira, eta Judith Jauregui pianista donostiarra eta Joaquin Achucharro bilbotar maisua izango dira Musika-Música jaialdian.

Emanaldietarako sarreren prezioa 12 eta 5 euro artekoa da.