Musika
Musika banaketa
Euskal egileen 17.000 kantu, Interneten salgai
Erredakzioa
ibaimusic.com webgunean hainbat garai eta estilotako 1.300 disko daude salgai, euskaraz zein gaztelaniaz. Kantuak banaka zein diskoetan bilduta erosi ahal dira.
Martxan da ibaimusic.com, musika banaketa digitala jorratzen duen webgunea. Bertan, euskal egileen 1.300 disko eta 17.000 kantu baino gehiago
erosi ahal izango dira. Garai eta estilo ezberdinetako abestiak daude salgai, euskaraz zein gaztelaniaz. Kantuak mp3 eta FLAC formatuetan eskura
daitezke, banaka zein diskoetan bilduta: banaka erosita, 0,99 euro ordaindu behar da mp3 formatuan, eta 1,19 euro FLAC formatuan; diskoei dagokionez, 8,99 euroko salneurria dute mp3n eta10,99 euro FLAC formatuan.
Besteak beste, Ken Zazpi, Gatibu eta Gose taldeen azken lanak daude salgai. Hala ere, dagoeneko salgai ez dauden diskoak erosteko aukera ere egongo da, baita Potato, Eskorbuto eta La Polla Records talde mitikoen kantuak eskuratzeko modua ere.
Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Anje Duhalde, Gontzal Mendibil, Mikel Urdangarin eta Kepa Junkera musikarien lanen bildumak dagoeneko Sarean dituzte, eta, etorkizunean, Hertzainak eta Kortatu talde mitikoen lanak ere eskaini nahi dituzte.
Interneteko atari berri honen arduradunek nazioarteko musikarien lanak saltzeko asmoa ere badute, eta, horretarako, 117.000 abesti eta 8.300 diskoko katalogoa eratzea dute helburu.