Musika
Ahotsa baino gehiago behar da
Adele, Duffy, Dionne Bromfield... nork ordezkatuko du Amy Winehouse?
Amaia Akordagoitia
Amy Winehousen heriotzaren ostean, musikak, eta batez ere soulak, oinordekoa behar du. Hasieratik hautagaiak izan diren arren, ez dakigu Amyren ondarea musikagintzan bakarrik nabarituko den.
Bromfieldek eta bere amabitxiak harreman estua zuten, eta Winehouseren eragina nabari da gaztearen ahotsean eta musikan. Besoetakoaren diskoak kaleratzeko zigilua sortu zuen Amyk 2009an, eta behin edo behin koruak ere egin zizkion. Hain zuzen ere, haren kontzertu batean ikusi zuten Amy azken aldiz, Londreseko Camden Town auzoan zuen etxean hilda topatu bezperan.
Hala ere, Bromfielden ahotsari eta talentuari amabitxiaren laguntza gehitzeak hautagai paregabe bihurtu arren, nerabe britainiarrak lehiakide ugari izango ditu, orain arte zain izan direnak.
Horietako bat Duffy izenaz ezagutzen dugun abeslaria da. Amyk baino askoz ere irudi garbiagoa du Duffyk. Rockferry lehen diskoko ''''Mercy'''' abestiari esker lortu zuen ospea, baina bigarren lana ez zen lehenengoa bezain arrakastatsua izan. Otsailetik, 27 urteko artista geldialdi bat egiten ari da, baina Amy hil ondoren, disko berria kaleratzeko lanean hasiko da agian.
Hirugarren lehiakidea Adele da. Gazte ingeles honek 23 urte besterik ez ditu eta bere ibilbide laburrean beste musikari askok baino askoz ere gehiago lortu du. 2008an, 19 izeneko diskoa kaleratu zuen, eta bertan topatuko dugu "Chasing Pavements" abestia, diskoa mundu osoan ezaguna egin zuena eta 3 milioi ale saltzeko balio izan ziona. Gainera, Adelek lan asko aurreratu du AEBetako "Saturday Niht Live" saioan parte hartu zuenean audientzia errekorra lortu eta estatubatuarrak konkistatuta.
Amyren besoetako eta herrikideak aukera asko dituen arren, Winehouse hil eta gero, artistaren jarraitzaileek Back to Black diskoa berreskuratu dute eta gehien saldutako diskoen zerrendako lehen postura iritsiko da seguruenik. Orain, egile eskubideen eta abestien inguruan eztabaida piztuko da akaso; izan ere, hil eta gero salmenta marka guztiak haustea espero dute.
Amyren heriotzak artista mito bihurtu du, eta "27en taldean" sartu da. Hala ere, haren jarraitzaileek Camden Towneko etxean idatzita utzi dituzten mezuetan irakur daitekeen moduan, haren lana, behintzat, "beti izango dugu gurekin".