Musika
Errezitala
Bilboko Euskalduna Jauregiak 'Xabier Lete gogoan kantaldia' hartu du
Erredakzioa
Eskarmentu handiko artistaren omenez egindako errezitala izan da larunbat honetan. Bizkaiko Foru Aldundiak, ekitaldiaren laguntzailea, Leteren "maila intelektuala" azpimarratu du.
Bilboko Euskalduna Jauregiak Xabier Leteren omenez egindako biraren emanaldia hartu du larunbat honetan. Mikel Urdangarin, Anje Duhalde, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria, Javier Muguruza, Arantza Irazusta, Erramun Martikorena eta Petti abeslariek, Kirmen Uribe olerkariak, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek eta Karlos Jimenez, Joxan Goikoetxea, Xanet Arozena, Txema Garces, Francisco Herrero eta Luis Fernández musikariek parte hartu dute kontzertuan.
Ekitaldiaren laguntzailea izan den Bizkaiko Foru Aldundiak Leteren "maila intelektuala" nabarmendu du. "Sail honen helburuetako bat kultura zabaltzea eta sustatzea da, euskal kultura bereziki, eta kontzertu honek asmo honekin erabat bat egiten du. 'Xabier Lete gogoan kantaldiak' gure ondare kulturala aberastuko du eta garrantzitsua izango da Leteren lanarengana hurbiltzeko eta datozen belaunaldiek hura ezagutu dezaten", azaldu du Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura ahaldun nagusiak.
Birak aurrera darrai
Hondarribian, Usurbilen, Iruñean eta Baionan ikuskizuna eskaini ondoren, omenaldi birak Urnieta, Donibane Garazi, Gasteiz eta Donostia ere bisitatuko ditu. Paco Ibañezek, Txomin Artolak, Eñaut Elorrietak (Ken Zazpiko kantaria), Bernardo Atxaga idazleak eta Amets Arzallus bertsolariak hartuko dute parte.