Itxi

Musika

Kontzertua

Kutsu tribala duen soul musika ekarriko du Nneka nigeriarrak Bilbora

Erredakzioa

Urriaren 24an Kafe Antzokian eskainiko duen emanaldian, "Soul is heavy" disko berria aurkeztuko du. Besteak beste, Black Thought (The Roots) eta Ms. Dynamite ezagunen kolaborazioak izan ditu bertan.

  • Kutsu tribala duen soul musika ekarriko du Nneka nigeriarrak Bilbora

    Nneka abeslari nigeriarra. Argazkia: Radiation Tours

Nneka abeslari afrikarrak "Soul is heavy" lan berria aurkeztuko du Bilbon, Kafe Antzokian, urriaren 24an. Horren ibilbidean aurrerapausoa den disko honetan, besteak beste, The Roots taldeko Black Thoughtek eta Ms. Dynamitek parte hartu dute.

Lehen singlean, "My home" abestian, hip hop, reggae eta pop afrikarra batzen dira. Doinu horiek dira soul, rap eta Afrikako doinu tribalekin batera diskoko abestietan entzun daitezkeenak. Horiek nahasita urteko disko onenetakoa osatu du Nnekak.

Nigeriatik Hanburgora joan zen bizitzera Nneka eta hasieratik DJ Farhot izan du alboan. Fela Kuti, Bob Marley, Mos Def, Talib Kweli, Mobb Deep, Erykah Badu eta Lauryn Hill dira gehien markatu duten musikariak.

"Victim of Truth" deituriko lehen diskoarekin kritika espezializatuaren arreta lortu zuen. Arimaz eta emozioz betetako ahots sendoak nortasun handia eman zien indie, trip hop, dub, soul eta reggae estiloak nahasi dituen musikari honen lanei, baina betiere Afrikako erritmo tribalei muzin egin gabe.