Itxi

Musika

Diskoa

Iparraldeko kantutegiaren aitortza, 'Baionatik Bilbora'

A.E.

EITB

Euskadi Irratiak eta Elkarrek abian jarri duten ekimen honetan 20 abeslari eta taldek hartzen dute parte.

00:29
Iparraldeko kantariak eta kantak, 'Baionatik Bilbora' diskoan

"Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz" diskoa aurkeztu dute gaur. Iparraldeak euskal kantutegian duen pisua aitortzeko asmoarekin, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde ,Jean Bedaxagar, Erramun Martikorena edota Maddi Oihenarten abestiak biltzen ditu. Gainera, kontzertu batekin aurkeztuko dute.

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz diskoa aurkeztu dute Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendariak, Anjel Valdes Elkar diskoetxeko musika arduradunak, Daniel Landart Euskal Kultur Erakundearen ordezkariak, Naia Robles kantariak eta Kalakan taldeko kideek Donostian.

Disko honetan 20 abeslari eta taldek hartzen dute parte: Beñat Achiary, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Kantiruki, Erramun Martikorena, Etxamendi eta Larralde, Mixel Laberguerie, Jean Mixe Bedaxagar, Aritzak, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Jean Bordaxar, Isabelle Jaury, Amaren Alabak, Errobi, Kalakan, Mixel Arotze, Piel Paul Berzaitz, Guk Taldea eta Naia Robles.

Iparraldeak euskal kantutegian duen pisuaz eta garrantziaz konturatua, Elkarrek eta Euskadi Irratiak abian jarritako ekimena da. Ipar Euskal Herria gure kantagintzaren habia da. Iparraldekoen errepertorioak eta kantariak, zalantzarik gabe, oso garrantzitsuak izan dira beti gure herri-nortasuna elikatzeko.

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz, diskoa ez ezik, beste bi hanka dituen proiektuaren zatia ere bada. Hartara, diskoan parte hartu duten guztiek Bilboko Euskalduna Jauregian abenduaren 20an eta gaueko 20:00etan kontzertua eskainiko dute zuzenean eta ETBk grabatuko du aurrerago telebistaz eskaintzeko.

Baionatik Bilbora-Iparraldea Kantuz sarean

Proiektuaren hirugarren hanka webgunea da: Iparraldeko kantagintza online jartzeko ahalegina. Asmo berritzaile honen bidez, gaika eta abeslariz apurka-apurka ari dira sartzen abestiak. Eitb.com atarian sartuta edo zuzenean facebook.com/baionatikbilbora topatu daitezke kantu hauek. Spotify-en itunes-en eta Deezer-en bidez eskura daitezke.

Dagoeneko Niko Etxart eta Anje Duhalde badaude webgune horretan eta baita amodiozko kantei eskainitako atala. Maiatzera bitartean joango da webgunea osatzen eta aberasten.