Musika
Elkarrizketa
Musikari: "Lehenagotik bagenituen arazoak eskuen artean lehertu zaizkigu"
Natxo Velez | eitb.eus
Musikari elkarteak zuzendaritza berria du, eta bertako hiru kiderekin hitz egin dugu, musikarien egoeraz eta berorien defentsarako elkarteko ordezkarien kezkez eta erronkez gehiago jakiteko.
-
Miren Narbaiza, Eneritz Dueso, Olatz Salvador eta Idoia Hernandez, zuzendaritza berria aurkezten
Pandemiak bazter guztiak astindu ditu, denean izan du eragina, jakina denez. Baina, noski, denak ez gara berdinak oinazearen aurrean (horren aurrean ere ez), eta, azpian zenbat eta zoru egonkorragoa izan, motelagoak izaten dira, noski, astinaldiaren ondorioak.
Bada, musikarien egunerokoak, fokuak itzalitakoan eta zaratotsa isildutakoan, ez zuen oinarri sendorik covid-19aren berri izan aurretik ere. Prekarietatea, utzikeria, behin-behinekotasuna, inertziak, erronka indibidualak jo beharra eta hitzarmenik eza dute lege musikariek agertokietarako bide lokaztuan.
Horren aurrean, zazpi emakume musikarik (Eneritz Dueso, Idoia Hernandez, Lide Hernando, Miren Narbaiza, Izaro Andrés, Olatz Salvador eta Garazi Esnaola) aurrerapausoa eman eta Musikariren, “musikarien lanaren defentsa sustatzea eta beste eragile eta erakundeekin harremanak bultzatzeko elkartearen”, zuzendaritza talde berria osatu dute.
Dueso Musikariko zuzendariarekin, Hernandez idazkariarekin eta Hernando diruzainarekin hitz egin dugu, musikarien egoeraz gehiago jakin guran.
Zer gabezia estruktural igarri zenituzten otsailean, Musikari elkartearen zuzendaritza hartzea erabakitzeko? Zer hobe zitekeela (edo hobetu behar zela) ikusi zenuten?
Eneritz Dueso: Egia da 2020ko otsaila edo martxoa data esanguratsuak direla, musikarien prekarietatea ageri-agerian geratu zelako data horietan, zuzenekoak eta kultur jarduera gehienak bertan behera geratzearekin batera. Bat-batean ohartu ginen une oro entzuten ditugun izen ezagun askoren lan eskubide oinarrizkoenak ere ez direla bermatzen, eta zer esanik ez horren ezagun ez diren horienak, besteak beste.
Guretzat esanguratsuagoak dira, ordea, data horiek batzeko behar diren denbora eta aukera eman zizkigutelako, pantailak tarteko izanda ere. Nolabait, askoz ere lehenagotik bagenituen arazoek leher egin ziguten eskuen artean, eta hortik sortutako haserre zein ezintasunak bideratzeko, baliatzeko beharra sentitu genuen. Musikarik abagune posible bat zirudien horretarako.
Baina, esan bezala, gabeziak eta konpondu beharreko arazoak ez ziren berriak guretzat: alde batetik, esan genezake ez dagoela ezer idatzita gure ofizioari buruz, ez dagoela legerik, eta, askotan, lana legeztatzeko modurik ere ez; ohituretan eta haren eta honen jarduteko moduetan eta ahoz aho zabaldutako horretan oinarritu dela dena. Eta askori interesatu zaion gure arteko lehia antzu batean.
Zer esan nahi duen horrek? Bada, honetan hasten zarenean, inolako informazio fidagarririk gabe, zure intuizioaz eta ondokoen hitzaz fidatu behar zarela. Lehenengo aldiz kontzertu baten katxea kobratuko duzula eta ez dakizula zenbat eskatu? Ez dakizula disko bat grabatu eta kaleratzean zeintzuk diren zure betebehar eta eskubideak? Kolaborazio bat egitean, nola ziurtatu arazorik ez dela sortuko bidean? Zeintzuk diren alegalitatean aritzen denaren, autonomoaren, soldatapekoa izatearen gabezia eta bertuteak? Eta okerrago dena: hau ez dela gertatzen soilik areto pribatuetan edo borondatez lan egiten duen jendeak kudeatutako gune autogestionatuetan. Ez, informazio falta hau, zalantzan jartzeko moduko jokaerak, sustatzen dira askotan gure erakunde publikoek kudeatutako proiektu eta espazioetan; hain zuzen, eredu izan beharko liratekeen horietan.
Zer hobetu daitekeen, beraz? Esan genezake ia dena egiteke dagoela. Zorionez urteetan zehar itzalean ahalegin horretan jardun duen jendeari lekukoa hartu, eta jarraitzea da gure asmoa. Dena dago egiteko, baina zorionez ez gara zerotik hasi behar.
Oinarrizkotik hasita, zer jakin beharko luke plazara bere kasa ateratzekotan den musikari edo talde batek edo bere tabernan kontzertu bat antolatu nahi duenak?
Idoia Hernandez: Musikari batek bere kontzertuagatik kobratu nahiko balu, aukerak ez dira anitzak eta zirkuitu motaren araberakoa da gehienbat. Gaztetxe edota eragile sozial baten bitartez bada, borondatearen edota sarrera txiki baten truke izaten da. Betiere, kobratzen duzuna publiko kantitatearen araberakoa izango da, beraz.
Kasu honetan, merkatuaren menpe gelditzen da zure lanaren balorazioa. Zure musika ezaguna da? Publiko askori gustatzen zaio egiten duzun musika? Kontzertuaren egunean beste ekitaldi bat dago kontzertutik gertu? Antolatzaileek publikoaren lanketa bat egin dute? Eta, noski, kasu hauetan musikariak ez du inolako babesik, ez istripu baten aurrean ezta kotizazioari begira ere.
Beste batzuetan, diru kopuru finko baten truke adostu daiteke kontzertua. Prezio hori antolatzaileak finkatzen du gehienetan; beraz, zuk, musikari bezala, ez duzu negoziatzeko erremintarik. Agian zure izena ezaguna bada, negoziatzeko lagungarri izan daiteke. Baina diru hori kobratu ahal izateko, enpresa sortu edo autonomoa izan behar duzu.
Hari horretatik tiraka, zer bide administratibo aurkituko ditu musikariak gaur egun bere jarduera gauzatu ahal izateko?
Hernandez: Kontzertuak jotzeak ez du esan nahi musikaz bizitzeko aukera duzunik. Merkatuko prezioak kontuan harturik, kontzertu batengatik jaso dezakezun diru-iturria oso eskasa da, orokorrean.
Beraz, kontzertu egunean kobratuta ere, entseguak ez dizkizu inork ordaindu, ezta sorkuntza prozesua ere, eta are gutxiago bidean gastatutako diru guztia: entsegu lokaleko kuota, lokaleko mikro, PA eta mahaiak, instrumentuak, diskoaren grabaketa, nahasketa, masterizazioa, azalaren marrazkia, ale fisikoen fabrikazioa, banatzaile digitaletako kuota, bideoklipa, prentsa elkarrizketak, kudeaketa bilerak, aholkularitza gastuak, formakuntza… Denbora sobratzen bazaizu eta zortea baduzu, baliteke beka bat jasotzea gastu horietakoren bat ordaintzeko.
Beraz, behin zure diru-iturriak oso txikiak izango direla jakinda, beste zerbait egin behar duzu kontzertuak jotzeaz gain. Beste lan hori musikarekin erlazionatuta egon daiteke edo ez, eta beste lan horretan gehienetan langile arrunta izango zara eta batzuetan autonomo. Zorte pixka batekin, nonbait kontratatuta egongo zara eta asteburuko kontzerturako ere kontratatuko zaituzte. Baina normalean faktura eskatuko dizute.
Orduan, nola demontre egin faktura bat, autonomoa ez bazara? Eta zentzua edukiko luke autonomo kuota pagatzea kontzertu batengatik edo gutxi batzuengatik? Badira kasu bereziak, musika bere bizibide egitea lortzen dutenak. Hau da, autonomoak direnak musikaren epigrafean. Izan egile eskubideengatik, oso ezaguna egin delako, edota musika talde askotan aritzen delako, edota musika enkarguak jasotzen dituelako (filmak, antzerkia…). Baina sektorearen prekarietateak zaila egiten du hori. Eta lan karga administratiboak izugarriak izaten dira. Izan ere, administrazio publikoak maila berean kokatzen ditu enpresa handi bat eta musikari autonomo bat.
Bai, agian horrelako diru-iturriei esker etxeko alokairua eta jatekoa edukiko duzu. Baina sorkuntza babestu gabe gelditzen da. Izan ere, gaur egun, zure kantuak sortzeko eta diskoa kaleratzeko, zure denbora librea eta zure poltsikoko diru apur horiek jarri behar dituzu.
Aukera zail horiek, nolanahi den, ezerezean gelditu dira koronabirusaren pandemiari aurre egiteko neurrien ondorioz. Musikari Profesionalen Espainiako Batasunaren datuen arabera, Espainiako Estatuko lau musikaritik hiruk % 90eko jaitsiera izan dute urtebeteko epean kontzertu kopuruari dagokionez. Zein da, oro har, Euskal Herriko egoera?
Lide Hernando: Bada, antzekoa dela esango nuke. Pandemiak errotik moztu zituen musikari askoren birak, eta ez zen eskaini inongo alternatibarik epe ertainean horiek salbatzeko. Sektorekoa ez zen jende askok esan zigun: “Lasai! Hori guztia etorkizunean berreskuratu ahal izango duzue”. Baina ez da egia. Ez da berreskuratzen. Galdutako denbora eta galdutako kontzertuak galduta geratzen dira. Eta ez dago konpentsazio ekonomikorik.
Aipatzen duzun horretan ere beste arazo bat dago: jakin beharko litzateke zer musikari motaren jarduna izan duten kontuan Musikari Profesionalen Espainiako Batasunaren datuek; izan ere, musikari profesionalak, ez profesionalak, erdi-profesionalak... aurki ditzakegu gure sisteman, eta ez da batere erraza bakoitzaren jarduna kontrolatzea.
Zer babes izan du musikarien jarduerak erakundeen aldetik, pandemiaren sarraskiari erantzunez? Nahikoak eta bidezkoak iruditu zaizkizue eskainitako laguntzak eta berorietara iristeko bideak? Hala ez bada, zein da Musikariren proposamena?
Dueso: Musika jarduerarentzat orokorrean hainbat dirulaguntza atera diren arren, hauek ez zaizkie iritsi musikari gehienei. Sektorea bizitzen ari den egoera dela eta, ez dira nahikoak izan, beraien jardun profesionala bertan behera gelditu delako erabat eta inolako diru-sarrerarik gabe gelditu diren eragileak asko izan direlako.
Dena den, erakunde publikoek estatu zein erkidego edo lurralde mailan kaleratu dituzten laguntzak ez zaizkie musikariei behar den bezala iritsi, bertan ezarritako baldintzengatik. Hain profesio heterogeneoa izanda, kasuistika desberdinak biltzen dituen ogibide bat eta, batik bat, erregulatuta ez dagoen azpisektore bat denez, ezinezkoa da laguntzak ondo artikulatuak izatea eta modu eraginkorrean kudeatzea.
Zuzeneko musikaz gain, euskarri fisikoko musikaren industriak ere jaso du paradigma aldaketa galanta azken urteetan. Zein lekutan dago, zuen irudiko, musikaria bera egitura horretan?
Hernandez: Argi dago azken urteetan musika ekoitzi, zabaldu eta kontsumitzeko (gozatzeko) modua erabat aldatu dela. Euskarri fisikoak gero eta gutxiago erabiltzen dira, eta hori zen, bere garaian, musikariek jaso zezaketen diru-sarrera nagusienetarikoa, zuzenekoez aparte.
Gaur egun, ordea, beste euskarriek hartu dute aurrea, eta asko murriztu da musikariak bere lanagatik jaso dezakeena. Streaming-eko plataformen bidez musikari batek sortzen duenagatik berari egile eskubide bezala iristen zaiona huskeria bat da. Betiere, kontuan hartu behar da musikari horrek diskoetxe baten bidez kaleratu badu bere obra, diskoetxearekin adostutako ehunekoa kobratu duela, noski, baina, autoekoizpena izan arren ere, sortzaileak jasotzen duten diru kopurua oso baxua da. Bitartekari eta interes asko daude prozedura horretan.
Diskoak ateratzeko kontratuen inguruan, aldaketa franko izan dira azken urteetan autoekoizpena aukera bat izaten hasi zenetik. Argi dago erabaki hau musikariarena dela, baina, gaur egungo baliabideak kontuan hartuta, musikari batek bere zigilu propioa egin dezake eta hortik bere profesioaren lan aldeko erabakiak eta irizpideak bere interesen arabera hartu, hirugarren batekin inolako loturarik izan gabe. Gure ustez, aukera hau oso egokia da, gainera gero eta gehiago erabiltzen da, baina kontuan hartu behar da horrek lan karga handitzen diola musikariari.
Egile eskubideak kudeatzeko entitateen inguruan SGAEren monopolioa apurtu zen orain urte batzuk. Euskal Herrian EKKI sortu zenetik, Euskal Herriko sortzaileek, printzipalki, badute beste aukera bat eta pasa den abuztuan sortu zen SEDA elkarteak ere aukerak zabaltzen dizkie sortzaileei. Aukerak zabaldu izanak sortzaileari bideratu dio bere lana kudeatzeko eta horren baldintzak ezartzeko modua, eta hori berri ona da beti; autonomia ematen diolako, nolabait.
Badago betekizunik Musikariko kide izateko? Zer abantaila aurkituko dituzte elkarteko bazkideek?
Hernando: Musikari elkarteko bazkide izateko ez dago betekizun berezirik. Elkartea Euskal Herriko musikariak biltzen ditu, baina baditugu Euskal Herritik kanpo bizi direnak ere.
Hainbat abantaila aurkitu ditzake izena ematen duenak: fakturazio zerbitzuaz gain, Musikarik aholkularitza eskaintzen die bazkideei. Gure laguntza izaten dute beraien egunerokoan hartu beharreko erabakiak hartzeko eta erronka desberdinei aurre egiteko.
Bestalde, elkarteak hainbat erakundetan parte hartzen duenez, bazkideak hainbat abantaila izaten ditu. Musikari elkartea Musika Bulegoko sortzaileetako bat da, adibidez, eta elkarte horren baitan egiten diren ekimen desberdinetan parte hartzeko aukera egiten zaie Musikariko bazkideei.
Idoia Hernandez, Eneritz Dueso, Miren Narbaiza eta Olatz Salvador, zuzendaritza berriaren aurkezpen egunean
Gainera, Musikari elkarteak, Estatu mailako beste 13 elkarterekin, Musikari Profesionalen Batasuna sortu du aurten, maiatzean, eta, bertatik, beste hainbat lorpenen artean, Espainiako Gobernuarekin harreman zuzena izatea lortu dugu. Hau mugarri bat izan da musikarien sektorearentzat, oro har, orain arte ez dutelako inoiz musikariek harreman zuzena izan Estatuko erakunde publikoekin. Beti beste azpisektoreetako eragileekin batera ordezkatuak izan gara, eta, askotan helburu zein behar desberdinak izan ditzakegunez, musikarien aldarrikapenak eta ordezkaritza ez dira behar den bezala kudeatu.
Jabetza intelektualaren aholkularitzari dagokionez, Musikari zein Musika Bulegoko edozein bazkidek egile eskubideen inguruan izan dezakeen edozein kezka edo galderari erantzuten diogu: kontratuen errebisioa, obra desberdinen erregistroa, sinkronizazioak eta abar.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak Artistaren Estatutuaren gaia azpimarratu zuen legegintzaldi honetako helburuen artean. Bertan zer gutxieneko bermatu beharko lirateke, zuen aburuz?
Dueso: Artistaren Estatutua gauzatzeak lehentasuna beharko luke Estatu mailako erakunde publiko guztientzat. Musika sektorea eta kulturarena oro har prekarioa da; inoiz baino ageriagoan geratu da hori aurten, baina urteak daramatza horrela.
Dena den, Artistaren Estatutua bere osotasunean egia bihurtzea erronka oso gogorra da, eta borondate politikoa behar da. Ministerioarteko hainbat lege aldatu beharko lirateke aurrerapausoak ematen hasteko. Horretarako adostasuna eta baliabideak noiz izango ditugun ez dakigu (azkar, espero dugu), baina nahitaezkoa da gutxieneko aldaketa bat lehenbailehen ematea: kontratazio legea, hain zuzen.
Emanaldi publikoetan artistek antolatzailearekin duten lan harreman berezia arautzen duen legea 1985ekoa da (1435/1985 Errege Dekretua). Honek ez dio egungo errealitateari erantzuten, eta lege hau eguneratzea nahitaezkoa da musikarientzat.
Zein solaskide dituzue zuen lana aurrera eramateko orduan?
Hernandez: Musikarik urteak daramatza erakunde publikoekin zein sektoreko hainbat eragilerekin harreman sendo bat sustatzen. Elkarteak baditu hainbat bidelagun jada. Baina zuzendaritza batzordea berriaren asmoa da elkartearen lanaren zabalkundea egiten jarraitzea eta helburuak partekatu ditzakegun edozein eragilerekin indarrak batzea.
Zer erronka ditu elkarteak epe motz, ertain eta luzean? Zer aurkitu duzue zuzendaritza abiatzean eta nora iritsi nahi duzue?
Hernando: Elkartearen gidaritza hartzea erabaki genuenean, Musikari ez zegoen bere momenturik hoberenean, erreleborik ez zegoelako bazkideen aldetik zuzendaritza batzordea osatzeko. Olatz Salvador aurreko lantaldetik zetorren, eta berak komentatu zigun elkartearen egoera. Gainera, horrek bat egin zuen bizitzen ari garen momentu latzaren hasierarekin, eta lantalde bat osatu genuen elkartearen gidaritza hartzeko.
Irabazi asmorik gabeko elkarte askoren gaitza izaten da errelebo falta. Boluntario moduan egiten den lana da, eta batzuetan bide gogorra da, konpromisoa eta ilusioa izan arren. Guk ilusio eta ardura handiz heldu diogu erronka honi. Elkarteak badu jada bere egitaraua: urteko hainbat ekimen eta zerbitzu, ordezkaritza zein interlokuzio lanak eta abar.
Guk gure ikuspegi eta proposamenak islatuko ditugu bertan, eta Euskal Herriko musikarien interesen defentsaren alde lan egiten saiatuko gara.
Erronkak ugari ditugu. Aurtengo krisiaren ondorioek luze iraungo dutela ematen du, eta bide horretan musikariek behar dituzten dirulaguntza, babes, aldarrikapen eta eskaerak egitea tokatuko zaigu. Ildo horretatik jarraituz, Musikari Profesionalen Batasunaren baitan “Sektorea Berreraikitzeko Plana” aurkeztu genuen orain dela aste batzuk, eta bertako aldarrikapenak bideratzea izango da gure epe ertain eta luzeko erronka nagusiena.
Baina ekimen sindikal horietatik guztietatik aparte, zuzendaritza taldeak elkartea ezagutzera eman nahi du Euskal Herri osoan, orain arte Musikarira hurbildu ez diren musikari eta eragileekin harremana sustatu eta denon ordezkari duin bihurtu.