Musika
Gazte Orkestra
EGOk Beethoveni eskainiko dio neguko topaketa
N.V. | EiTB MEDIA
Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariek Eneko Sagardoy aktorea eta Jone Martinez sopranoa izango dituzte alboan gonbidatu gisa, “Heroiak” programan.
-
Mikel Mendarte, German Ormazabal, Eneko Sagardoy, Ruben Gimeno eta Bingen Zupiria.
EGO Euskal Herriko Gazte Orkestrak neguko topaketa egingo du abenduaren 26tik urtarrilaren 5a bitartean, Musikenen (Donostia): 46 musikari gazte, izen handiko sei irakasle eta Eneko Sagardoy aktore eta Jone Martinez soprano gonbidatuak elkartuko ditu.
Denbora horretan, musikari gazteek egitarau zorrotz bati egingo diote aurre, ondoren eskainiko duten birako errepertorioa lantze aldera. Kontzertu bira urtarrilaren 2an abiatuko da Donostian (Kursaal), urtarrilak 3an Gasteizen (Principal antzokia) eskainiko du hurrengo kontzertua, urtarrilaren 4an Bilbon egingo du bere agerraldia (Euskalduna) eta Getxon (Muxikebarri) emango dio amaiera urtarrilaren 5an goizean eskainiko duen kontzertuarekin.
Orkestra gazteak bat egingo du Beethovenen 250.urteurrenaren ospakizunekin, konpositoreari eskainitako egitaraua eskainita.
Jone Martinez sopranoak eta, narratzaile lanetan, Eneko Sagardoy aktoreak hartuko dute parte kontzertuetan.