Itxi

Musika

1960an idatzita

40.700 euroan erosi dute Beatles taldearen eskutitz bat

Erredakzioa

Paul McCartneyk eskuz idatzitako testua da. Bateria-jotzaile ezezagun bati bidali zion, Beatles taldeko kide izateko proga egin zezan. 34.850 liberan saldu dute, Christie's etxean.

  • 40.700 euroan erosi dute Beatles taldearen eskutitz bat

    40.700 euroan erosi dute Beatles taldearen eskutitz bat. Argazkia: EITB

Paul McCartney Beatles taldeko musikariak eskuz idatzitako eskutitz bat 34.850 liberan (40.733 euro) saldu dute Christie's enkante etxean. Berez, 8.000 eta 10.500 euro bitartean saltzea aurreikusten zuten. 1960ko abuztuaren 12ko data du eskutitzak, eta bateria-jotzaile ezezagun bati dago zuzenduta, Beatles taldeko kide izateko proga egin zezan.

Dokumentua tolestuta aurkitu zuten, Liverpooleko azoka txiki batean erositako liburu baten barruan.

Eskutitza idatzi eta gutxira, Beatles taldekoek Hanburgora (Alemania) egin zuten bidaia, mundu mailan ezagun egingo zituen kontzertu sortari ekiteko. Enkante etxeak azaldu duenez, taldeak bere burua izendatzeko Beatles izena erabili zuen lehen dokumentuetako bat da hau.

Beatlesen hainbat biografiatan jasotzen denez, urte hartako abuztuaren 12an sartu zen taldean Pete Best bateria-jotzailea. Bi urte geroago, Ringo Starrek hartuko zuen haren tokia.

Historialarien ustez, azken ordura arte Best ez zen beste aukera bat bilatzen aritu zela McCartney ematen du eskutitzak aditzera ematen du , eta Hanburgorako bidaiaren inguruan uste zena baino gehiago zekiela taldeko kideak.

Eskuz idatzitako kartel bat, 100.000 eurotik gora
Poparen eta rockaren inguruko oroigarrien enkante batean saldu dute eskutitza. Enkante horretako piezarik garestiena eskuz idatzitako kartel bat izan da, 113.668 euroan saldu dutena. 'BED PEACE' (bakearen ohea) testua ageri da kartelean, eta 1969an John Lennonek eta Yoko Onok bakearen alde ohean egindako protesta ezagunenetako batean erakutsi zuten. Denera, 561.000 euroko prezioa hartu dute Christie's etxean saldu dituzten objektuek.