Musika
Urteurrena
20 urte bete dira Freddie Mercury hil zela
Erredakzioa
1991ko azaroaren 24an 45 urte zituela itzali zen Queen taldeko abeslariaren ahotsa.
Gaur, azaroak 24, 20 urte bete dira Freddie Mercury hil zela. 45 urte zituen Queen taldeko abeslariak, rockaren historiako talde garrantzitsuenetakoa, eta 65 urte beteko zituen irailaren 5ean hiesak haren ahotsa horren goiz itzali izan ez balitz.
1970ean sortu zuen Queen Mercuryk, Brian May gitarra-jotzailearekin eta Roger Taylor bateria-jotzailearekin batera, eta 12 disko argitaratu zituzten eta 170 milioi aletik gora saldu.
Belaunaldi askoren ereserki bilakatu diren abestiak sortu zituzten elkarrekin; besteak beste, 'We will rock you', 'Somebody to love' eta 'We are the champions'.
Haren abesti ospetsuenetakoa 'Barcelona' da, Montserrat Caballerekin batera abestu eta Bartzelonan 1992an ospatutako olinpiar jokoetarako abesti ofiziala izateko idatzitakoa, hain zuzen.
Bakarlari moduan, 'Living on my own' kantuarekin arrakasta handia lortu zuen, eta homosexualentzat ikur bihurtu zen.
Artista iraultzaile, karismadun eta probokatzailea izateaz gain, liluraz betetako ikuskizunak eskaintzen zituen agertokietan.