Itxi

Musika

Urtemuga

Duela hamar urte hil zen George Harrison

Erredakzioa

58 urte zituen Beatles taldeko kide ohiak, 2001eko azaroaren 29an Los Angelesen minbiziaren ondorioz hil zenean.

00:40

Hamar urte dira George Harrison musikaria minbiziaren ondorioz hil zela eta, urtemugarekin bat eginda, Martin Scorsesek 'Living in the Material World' dokumentala estreinatu du, Beatleseko kide espiritualenaren bizitzara eta ibilbidera gerturatzeko. 1970ean taldea banandu eta gero, Travelin Wilburys proiektuarekin eta bakarlari gisa aritu zen Harrison.

'Beatle isila' 1943ko otsailaren 25ean jaio zen, Liverpoolen, eta taldearentzat idatzi zituen abesti guztiei berak jarri zien ahotsa: 'Don´t brother me', 'Taxman', 'Here comes the sun' 'Something', 'I need you'...

Bere ibilbidea Indiako kulturak, meditazioak, espiritualtasunak eta hinduismoak markatu zuten.

Beatles banandu ostean, 'All Things Must Pass' lan hirukoitza argitaratu zuen Phil Spector ekoizlearen laguntzarekin. 'My sweet lord' eta 'What is life' disko honetako kantak ezinbesteko bilakatu ziren bere errepertorioan.

80ko hamarkadaren amaieran The Traveling Wilburys proiektuarekin bat egin zuen. Jeff Lynne, Jim Keltner, Roy Orbison, Bob Dylan eta Tom Petty musikari ezagunekin batera aritu zen bertan. Estudioko bi lan argitaratu zituzten.

George Harrison 2001eko azaroaren 29an hil zen, Los Angelesen. 2002ko azaroan, 'Brainwashed' hilondoko diskoa merkaturatu zuten, Dhani Harrison semeak eta Jeff Lynnek amaituta.