Itxi

Musika

Bost hamarkada

'Azaletatik Sustraietara': gure musikari errepasoa, disko azalen bidez

Erredakzioa

Azken bost hamarkadetan euskal musikak eman dituen diskorik adierazgarrienen azalak biltzen ditu liburuak. Artisten komentarioak ere jasotzen dira bertan.

  • 'Azaletatik Sustraietara': gure musikari errepasoa, disko azalen bidez

    'Azaletatik Sustraietara': gure musikari errepasoa, disko azalen bidez. Argazkia: EFE

Kalean da 'Azaletatik Sustraietara' liburua. Azken bost hamarkadetan euskal gizartearen soinu banda osatu duten diskorik adierazgarrienen azalak biltzen ditu argitalpenak.

1960an sortutako azalekin hasi eta 2010ean kaleratutako lanekin bukatzen da liburua. Zehazki, Benito Lertxundik 60ko hamarkadan argitaratu zuen disko baten azala dugu lan honetan lehena, eta, jarraian, ez dira falta, besteak beste, Txomin Artola, Barrikada, Itoiz, Kortatu, Eskorbuto eta Oskorri artisten eta taldeen lanak. Egungo hainbat bandak eta musikarik kaleratutako diskoak ere biltzen ditu liburuak, tartean Delorean, Gose eta La Oreja de Van Gogh talde ezagunen lanetako azalak.

Hainbat idazleren artikuluekin osatu dute liburua, tartean Edorta Jimenez, Harkaitz Cano eta Kirmen Uribe euskal egileen testuekin; eta musikarien euren hitzak ere bildu dituzte, azalekin batera diskoetako protagonisten berbak jasota. Fermin Muguruza (Kortatu eta Negu Gorriak), Kepa Junkera, Mikel Erentxun eta Diego Vasallo (Duncan Dhu), Aurora Beltran (Tahures Zurdos), Eñaut (Ken Zazpi), Francis (Doctor Deseo) eta Alfredo (Barricada) musikarien komentarioak daude 'Azaletatik Sustraietara' lan berri honetan.

Ezagutzak jakitera emateko, kultura garatzeko eta jendea gizarteratzeko helburua duen Emankor Sarearen ekimena da argitalpena. Liburuko azalekin erakusketa ibiltaria egiteko asmoa ere badute.