Musika
Elkarrizketa
Haizea Martiartu: "Errespetu handienarekin ahalegindu naiz klasikoekin jolasten"
Natxo Velez | EITB Media
Folketik Jazzera Ensemble kontzertua eskainiko du Bartzelonan bizi den markinar saxofonista eta konpositoreak Bilbon, Loraldiaren barruan.
-
"Folketik Jazzera Ensemble" kontzertua egingo du Martiartuk, Loraldiaren barruan, Arriagan.
“Aita-semeak”, “Txoria txori”, “Aldapeko”… Beti-betiko euskal abestiak jazz estilora ekarri ditu Haizea Martiartu musikariak (Markina-Xemein, 1991) “Folketik Jazzera Ensemble” diskoan (Errabal Jazz - Gaztelupeko Hotsak, 2020). Gaur, asteazkenarekin, beste urrats batean, diskotik agertokira eramango ditu Martiartuk, zortzi musikarik lagunduta, Arriaga Bilboko antzokian, 19:00etatik aurrera, Loraldia jaialdiaren barruan.
Berarekin hitz egin dugu, Bilboko sormen jaialdian estreinatuko duen lanaz.
Zergatik sortu zitzaizun “Folketik Jazzera Ensemble” diskoa sortu, grabatu eta, orain, zuzenekora eramateko grina?
Disko hau hainbat urteko lana gorde eta gauzatzeko era da, argazki album bat edo egunkari pertsonal bat izan daitekeen bezala.
Proiektuaren ideia orain dela bi urte baino gehiago bururatu zitzaidan. Musika asko konposatzen nengoen une hartan, eta, ustekabean, konturatu nintzen nire konposizioetan euskal musikaren eragin izugarria zegoela.
Jazza musika ezin hobea da beste estilo batzuekin uztartzeko; beraz, euskal musika fusionatzen zuen proiektu hau egitea erabaki nuen.
Zelakoa izan da sortze prozesuaren bidea?
Prozesu luzea izan da, eta pandemiak luzeago bihurtu du.
Lehenik, kantak aukeratu eta bederatzi tresnatarako egokitzapenak egin behar izan nituen, eta urtebete baino gehiago iraun zuen lan horrek.
Gero, diskorako entseguak etorri ziren: talde guztiarentzat eta baita zatika ere. Eta azkenik, diskoa grabatu eta postprodukzio osoa egin behar izan nuen.
Zer irizpideren arabera aukeratu dituzu diskoan agertzen diren kantuak?
Irizpide pertsonalaren arabera aukeratu ditut kantuak. Gaztetan, Markina-Xemeingo kaleetan, eskolan eta musika bandan, inguruan izan ditudan kantak dira. Eta euskaldun askorentzat kanta bereziak direla esaten ausartuko nintzateke.
Beste kanta batzuk moldatzeko aukera ere izan nuen, baina, azkenean, moldaketak egiteko gehien inspiratu ninduten kantak hartzea erabaki nuen.
Moldatzeko orduan, zer muga jarri dizkiozu zeure buruari, eraldatuta ere, kantuek esentziari eusteko eta jatorrizkotik gehiegi ez urruntzeko?
Kanta bakoitzak bere muga propioak ditu. Esan beharra daukat ahalik eta errespetu handienarekin ahalegindu naizela beraiekin jolasten.
Orokorrean, melodia ezagunak asko errespetatzen ahalegindu naiz. Hala ere, konposizio eta moldaketa aldetik, harmonia eta erritmo aldaketekin esperimentatzea erabaki dut. Eta instrumentazio aldetik, bederatzi instrumentu izanda, hainbat kolore eta testurarekin jolasteko aukera izan dut.
Nahiz eta askatasun handia izan kantak berridazten, nire helburua nagusia entzuleak musika hau gustuko izatea da, eta, aldi berean, kantak ezagutu eta gozatu ahal izatea, ikuspuntu desberdin batetik.
Zer errepertorio taularatuko duzue Arriagan?
Arriagako kontzertua diskoaren lehen kontzertua izango da, eta aurkezpen gisa hartu dugu aukera hau. Beraz, batez ere diskoko kantak joko ditugu.
Dena den, kanta hauetan, inprobisazioak ere izango dira, doinu ezagunez gain. Ez dugu ahaztu behar jazzaren eraginez inprobisazioa atal garrantzitsua dela guretzat.
Zer proiektu dituzu aurrera begira?
Oraingoz, diskoa egin berri dago; beraz, ahalik eta zuku gehien atera nahiko nioke. Hala ere, norabide honetan, oso interesgarria izango litzateke, adibidez, euskal kantu batzuen moldaketa berriak egitea kolaborazioren batekin.