Itxi

Musika

Elkarrizketa

Ibil Bedi: "Melodia janzten saiatzen gara, ez mozorrotzen"

Natxo Velez | EITB Media

Txikitasunetik, “egiazkotasun eta soiltasunetik”, noranahi hedatzen dira, entzulearengan anplifikatuta, Ibil Bedi nafar taldeak “Beltxarga beltza” diskoan bildutako kantuak. Beraiekin hitz egin dugu.

  • Ibil Bedi

    "Beltxarga beltza" diskoa kaleratu du Ibil Bedi taldeak. Argazkia: Mikel Tristan.

Jario gustagarrian datoz hasi eta buka, samur baina sakon, Beltxarga beltza Ibil Bedi taldearen bigarren diskoko hamar kantuak, “Beltxarga beltza I” hasierakoa eta “Beltxarga beltza II” amaierakoa banatzen dituzten 32 minutuetan.

Nafarren disko berrian, aske hedatzen dira bateria erritmoak, ekoizpen modernoek ohiko duten gehiegizko konpresio itogarririk eta buxadurarik gabe, soinu planoaren zabal osoan. Erritmo horien gainean, baxu lerro soil eta efektiboak, teklatu dotoreak eta gitarrak entzuten dira, baita, taldearen nortasun ikur bereizgarri gisa, biolinak (pizzicatoan edo arkuarekin) eta, tarteka, saxoak (“Basozain”en eta “Huts”en, adibidez, kontrabaxua lagun), kantu sorta ederra ez ezik berezia ere egiten duten elementuak.

Hezurdura musikal hori, nolanahi den, alferrikakoa da mugimendurik ezean. Eta Beltxarga beltza-n melodiak dira tresnen harat-honaten motorra; benetan gogoangarriak dira, esaterako (gehiago daude), “Lorerik gabe”, “Basozain” eta “Orain bat gara” kantuetakoak.

Amets, Javier, Ibai, Eder eta Areta Ibil Bediko lagunekin hitz egin dugu, Beltxarga beltza-z gehiago jakiteko.

Berandu baina garaiz zuen aurreko diskoko zer ezaugarri gorde nahi zenituzten Beltxarga beltza-n eta zer aldatu nahi zenuten, disko horretatik distantzia hartu eta gero?

Amets: Kantuen eta prozesuaren egiazkotasuna eta naturaltasuna mantendu nahi izan ditugu. Bestalde, bigarren lan luze honetako kantuak landuagoak direla esan genezake, lasaitasun handiagoz egin ditugu eta geure buruei hein batean atzera egitea utzi diegu, zerbaitek erabat funtzionatzen ez zuela ikustean edo emaitzarekin gustura geratu ez garenean.

Melodiak dira kantu gehienen ardatza. Nola iristen da melodia gustagarria, konposatzen ari zaretela? Zelakoa da magia hori bilatzeko bidea?

Javier: Hori ezin da inoiz jakin. Hartzailearen belarrien araberakoa izaten da magia hori; batzuetan gure asmoekin bat egiten du eta besteetan ez.

Guretzat diskoan dauden momentu magiko batzuk publikoak segituan antzematen ditu, eta beste batzuetan guretzat magia puntu hori duten detaileak edo kantuak ez dira hain magikoak entzulearentzat.

Behin melodiara iritsita (edo melodia zuengana iritsita), nola kontrolatzen da berori jantzi baina ez itotzeko lana? Zer behar du, zuen ustez, melodia on batek inguruan?

Areta: Gehienetan, sinpletasunean dago gakoa. Esaten dute konpositore batentzat inportanteagoa dela borragoma arkatza baino, eta jakin behar da zerbait gehitzeak kantuari noiz gehitzen dion edo kentzen dion.

Melodia on edo interesgarri batek berez du zentzua, eta errespetuz jokatu ohi dugu janzte prozesu horretan. Melodia janzten saiatzen gara, ez mozorrotzen.

Ibai, ez zara punk rocketik (Altxatu) edo doinu gogorragoetatik poperako edo pop-folkerako bidea egin duzun musikari bakarra, ezta gutxiago ere. Adibideak ugari dira (John K. Samson bera aipatzen duzue zuek “Huts” kantuan, Propagandhi punk taldetik folk doinuetara lerratu dena). Zer dago adinaren eta abiadura zein distortsio mailaren arteko erlazio alderantziz proportzionalaren atzean?

Ibai: Nik John K. Samson bakarka ezagutu nuen hasieratik; gero jakin nuen The Weakerthans eta Propagandhiko kide izana zela.

Izateko moduarekin du zerikusia, nire ustez, eta bizitza erritmoarekin. Batzuei 22 urterekin heldu zaigu, oso gazte hasi ginelako, eta beste batzuei beranduago, edo agian inoiz ez. Bakoitzaren bizi estiloarekin du zerikusia.

Soinu ekoizpena soila da Beltxarga beltza-n. Jarioa eta naturaltasuna izan dituzue lehentasun, iruditu zaidanez. Ez dago batere konprimituta… Nola sortu duzue ekoizpen eta nahasketa prozesuan, soinuaren puzzlea?

Ibai: Alde batetik, genituen baliabideak kontuan izanik, ezin genuen produkzio handirik egin, eta argi genuen gauza bakarra zen etxean grabatu nahi genuela.

Hortik abiatuta, erreferente ezberdinak izan ditugu soinu aldetik (Pinegrove, John K. Samson, Bon Iver…) eta zerbait soila nahi genuen, aipatzen duzun bezala, gutxi konprimitutakoa.

Horregatik, grabaketa eta nahasketa prozesuan oso gauza gutxi editatu ditugu, eta soinu ahal bezain naturala lortzen saiatu gara. Bateriak bi mikrofonorekin grabatu ditugu: bonboan bat eta aireko bat, bateria guztia hartzeko. Horregatik dira hain orokorrak, eta pixka bat hauskorrak.

Beste tresna guztiak ere aurreko bi mikrofono horiekin grabatu genituen, eta, esan bezala, ekualizazio eta efektu gutxi.

Gustatuko litzaidake beste taldekide batek definitzea ondorengo kideek taldeari ematen diotena:

Amets. Autoexigentzia eta norabideak/erabakiak (Ibaik esana).

Areta. Detailerik inportanteenak (Ametsek esana).

Eder. Segurtasuna eta umorea (Ibaik esana).

Ibai. Kontrola eta motibazioa (Javierrek esana)

Javier. Bakea eta oinarria (Ederrek esana).

Ibil Bedi. Argazkia: Mikel Tristan.

Anariren kolaborazio ederra bildu duzue. Zergatik Anari eta zergatik kantu horretan?

Amets: Kantu hori konfinamendu garaiko giroan sortua da. Letrarekin ari nintzelarik, momentu batean burutik pasatu zitzaidan “ez nazazu kanta inori” esaldia kanta zezakeela Anarik, kantuari indar puntu bat gehitzeko.

Hau da, ez da letra idatzi bat zegoela eta esaldi hori Anarik kantatzea otu zitzaidala, baizik eta berak abestu zezan idatzi nuela. Bere aldetik ezezkoa jaso izan banu, esaldi hori ez zegokeen kantuan eta ez zegokeen kolaboraziorik.

Nondik norako guztiak azaltzea ez dakit ez ote den gehiegi kontatzea. Anari hautatu izanaren zergatia niretzat gordeko dut.

Diskoaren izaeran ahalegin bat igartzen da: zirkulartasuna (“Beltxarga beltza” I eta II), “Enegarrenez” interludioa diskoko kantu luzeenaren aurretik… Zein garrantzi ematen diozue album formatuari, egungo merkatuko joerak joera?

Areta: Kantuak ez daude diskora begira sortuak, baina denak esku artean genituela, zentzu jakin batean ordenatu nahi izan genituen eta uste dugu ordenak disko orekatua egiten lagundu digula.

Nolanahi ere, “Hiraeth” eta “Enegarrenez” interludio gisa ulertu genituen hasieratik, eta hortik ere badute. Hari batek lotzen ditu kantu guztiak nolabait, eta disko batek garrantzia du horrela ulertuta, hasi eta bukatzen den zerbaiten gisan.

Zer bide opa diozue Beltxarga beltza-ri eta Ibil Bediri? Zein bidetan mugitu nahiko zenukete epe motz, ertain eta luzean?

Eder: Orain daramagunak segitzen badu, bikain! Egia esan, ez dugu urrutiegira begiratzen; ez dugu epe luzerako planik egiten, momentukoa bizitzen saiatzen gara.

Beltxarga beltza-rekin ez genuen halako harrerarik espero, eta horregatik izaten ari da hain polita.

Zer asmo dituzue zuzenekoari begira? Zelan jaso du taldeak, gogo eta asmo aldetik, pandemiaren kolpea?

Javier: Zuzenekoetan, diskoan biltzen den horretatik haratago joaten saiatzen gara, grabatu ezin den hurbiltasuna helarazten.

Pandemiak ekarritako egoerari dagokionez, egia da guri ez digula talde gisa gehiegi eragin. Ibiltzen garen esparruek sufritu dituzte eta sufritzen ari dira neurriak, baina ez beste leku batzuek bezainbeste; ondorioz, guk ere ez beste talde batzuek bezainbeste.

Gurea arratsalde/iluntze partean eserita ikusteko kontzertua da, eta hori, aforoak murriztuak badira ere, egin daiteke oraintxe bertan. Horrez gain, hasierako konfinamendu hilabeteek denbora eman ziguten idatzi eta kantuak lasai egiteko.