Itxi

Musika

Kultura Bizia

Gasteizko Iradier Arenak kultura ikuskizunak hartuko ditu irailera arte

N. V. | EITB Media

Gasteizko espazioak 600 pertsonara arteko edukiera izango du, eta baieztatuta daude dagoeneko La Excavadora, Crim, Talco eta Gatiburen kontzertuak.

  • Gatibu

    Gatibuk maiatzaren 29an joko du Gasteizen

Iradier Arena Gasteizko espazioak denetariko kultura ikuskizunak hartuko ditu maiatz eta irail artean, eta, horrela, Gasteizko aretoetan sartzen den baino jende gehiago bildu ahal izango dute Arabako hiriburuan kontzertuen eta bestelako ekimenen antolatzaileek.

Kultura Bizia Arabako 31 kultura agente biltzen dituen elkarteak bultzatu du proiektua, Gasteizko Udalaren, espazioa laga dien erakundearen, eta Arabako Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa 220.000  euroko dirulaguntza jarri duten eragileen laguntzarekin.

Kontzertuak

Programan musika kontzertuak bakarrik aurkeztu dituzte orain arte, baina beste diziplina batzuei ere egin nahi diete tokia.

Kontzertu horiei dagokienez, maiatzaren 15ean La Excavadorak eta Crimek joko dute, maiatzaren 22an Talcok eta The Potesek eta maiatzaren 29an Gatibuk, eta itxita daude dagoeneko, nahiz eta oraindik data zehatzik ezarri ez duten, The Baboon Show, Mambo Jambo eta Lágrimas de Sangreren emanaldiak.

Iradier Arenak 600 lagunentzako edukiera izango du, bi agertoki jarriko dituzte neurri sanitario guztiak bete ahal izateko eta hitzaldietarako, erakusketetarako eta formatu txikiko beste ikuskizun batzuetarako hirugarren agertoki bat kokatzea aztertzen ari dira.

Erabakitzeko dago Jazzaldiak eta Azkena Rock Festivalek zuzenekoren bat bertara eramango ote duten, baina halakorik nekez gertatuko dela ematen du aretoko soinua ez baita bikain-bikaina, gaurko aurkezpenean esan dutenez.