Itxi

Musika

Maiatzak 1 eta 2

Mozarten "Requiem"a XXI. mendera ekarri du Opus Liricak

N. V. | EITB Media

Maiatzaren 1 eta 2an Kursaalen taularatuko du Donostiako konpainiak “egiten duguna zalantzan jartzea proposatzen duen” “Requiem”aren bertsio eszenikoa.

  • Opus Liricaren "Requiem"a

    Familientzako emanaldi bat ere egingo dute igandea

Opus Lirica konpainiak Mozarten “Requiem”aren bertsio eszeniko egokitua aurkeztuko du maiatzaren 1 eta 2an, Kursaalen. Salzburgon jaiotako maisuaren obraren musika eta testuetan oinarrituta, Opus Liricak lau ardatz kokatu ditu, obra egokitzeko: gosea, izurritea, gerra eta heriotza.

Donostiar konpainiaren bertsioa “konfesiorik gabeko liturgia” da, ohar batean azaldu dutenez, “jatorrizko mezak bezala bakea eta barkamena aurkitzeko balio beharko lukeena. Ondo egin al dugu? Gelditu eta zuzendu al dezakegu?”.

Hauek izango dira interpreteak: Ainhoa Garmendia (sopranoa), Lucia Gómez (mezzosopranoa), Beñat Egiarte (tenorra) eta César San Martín (baritonoa). Sarrerek 51 euroko prezioa dute.

Gainera, maiatzaren 1 eta 2an (19:30ean) izango diren saioez gain, Opus Liricak familia funtzio bat prestatu du maiatzaren 2rako, 17:00etatik aurrera. “Betira arte, Mozart” ikuskizunean, “Mozart maisua eta bere ikaslea den Süssmayr gaur egungo mundua beren garaikoa baino hobea edo okerragoa den ebazten saiatuko dira, publikoaren laguntzarekin”.

Familia osoarentzako saioan, hauek izango dira interpreteak: María Martín Campos (sopranoa), Leticia Vergara (mezzosopranoa) eta Aitor Garitano (tenorra). Sarreren prezioa 8 eta 25 euro artekoa da.