Itxi

Musika

Bosgarren edizioa

Musika Bulegoa sariak, Belako, Petti, Izaro, Ander Telleria eta Sara Zozayarentzat

N. V. | EITB Media

Euskal Herriko Musika Bulegoak bere sariak eman ditu gaur, bosgarrenez, Biarritzen. Korrontzi, Arineketan, Brais Novoa Loira, Nora & The Hell Drinkers eta EKE erakundea ere saritu dituzte.

0:57
Korrontzi. Irudia: EITB Media

Musika Bulegoak urteroko bere sariak banatu ditu gaur arratsaldean, asteazkenarekin, Biarritzen, Atabal aretoan. Sarituek Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura bat jaso dute, eta horietako bederatzik 2.000 euro ere bai. EKE Euskal Kultur Erakundeak garaikurra soilik jaso du, EHMBE Ohorezko Sariaren irabazle gisa.

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak bertoko artista, talde edo musika proiektuek aurreko urtean egindako lana saritzen du ekimen honetan. Aurtengo ediziorako, 107 proposamen jaso dituzte, eta zortzi kideko epaimahai batek ebatzi ditu irabazleak.

Ander Telleria, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Noa & The Hell Drinkers, Petti eta Sara Zozayaren azken lanak aukeratu ditu epaimahaiak. Horrez gain, EKE Euskal Kultur Erakundeak EHMBE Ohorezko Saria eskuratu du, “prestakuntzan, sentsibilizazioan, hedapenean eta ekoizpenean egiten duen ekarpena dela medio”, eta Korrontzi taldeak Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria irabazi du “euskal musika nazioartera eramaten egiten duen lana” dela eta.

Denetariko sarituak

“Horos” Ander Telleria soinu-jotzailearen diskoaren “musika kalitatea, interpretazio zaindu eta zorrotza” goraipatu ditu epaimahaiak, baita Arineketan taldearen (Jagoba Astiazaran txistularia eta Iñigo Sastre pianista) “originaltasuna eta ideia abian jartzeko gaitasuna” eta “Madera quemada” Brais Novoaren diskoaren “kalitatea, nortasuna eta konposizio teknika” ere.

“Plastic drama” Belakoren diskoari “Euskal Herriko egungo musika panorama ulertzeko edo deskribatzeko ezinbesteko diskoa” iritzi diote epaimahaiko kideek, eta Izarori “gizartearekin naturaltasunez eta hurbiltasunez konektatzeko gaitasuna” igarri diote “Limones en invierno” diskoan.

Noa & The Hell Drinkers taldearen “Craft Blues” diskotik “musika tresnak jotzeko modua eta emakume ahots txundigarria” azpimarratu dituzte, eta “Manipulazio estrategiak” Pettiren diskoa “estilo oso pertsonalagatik, oso ondo landutako letrengatik eta rockaren eta folk amerikarraren arteko nahasketagatik” saritu dute.

Azkenik, “(I)” Sara Zozaya abeslari, konpositore eta multinstrumentistaren lana “proiektu landua” iruditu zaie, proposamen interesgarria “bai musikari bai irudiari dagokienez”.

Epaimahaia Elixabete Etxebestek, François Mattonek, Iratxe Reparazek, Itziar Larrinagak, Javier Escorzok, Maddi Aranak, Nerea Furiak eta Txomin L. Aramaiok osatu dute.