Itxi

Musika

Jaialdia

Antony, Bobby McFerrin eta Jamaican Legends, Donostiako Jazzaldian

Uztailaren 20an Victoria Eugeniaren mendeurrena ospatuko dute eta doako kontzertuak izango dira antzokiaren txoko askotan.

02:40
Antony and the Johnsons: 'Hope there is someone'

Donostiako Heineken Jazzaldiaren 47. edizioa uztailaren 19tik 23ra bitartean ospatuko dute eta, antolatzaileek jakinarazi dutenez, hauek izango dira: Antony, Bobby McFerrin, Jamaican Legends (Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin), Yellowjackets, Ray Gelato, Marc Ribot, Ninety Miles (Stefon Harris, David Sánchez eta Nicholas Payton) eta Peter Evans.

Gainera, uztailaren 20an Victoria Eugeniaren mendeurrena ospatuko dute eta doako kontzertuak izango dira antzokiaren txoko askotan.

40 instrumentuz osatutako orkestra batekin izango da Antony. Et Incarnatus euskal orkestra izango du lagun eta bere azken lau diskoetako abestiak konponketa sinfonikoekin eskainiko ditu. Bakarka edo The Johnsonsekin batera, Antonyk arte garaikidearen muga gainditzen jarraitzen du.

Bobby McFerrin mundu mailako abeslari garrantzitsuenetarikoa da. Don't Worry, Be Happy abestia baikortasunari egindako kantua da eta ikono unibertsala da. Kasu honetan, Yellowjackets taldearekin izango da, jazz modernoaren eragin handiko taldea, hain zuzen ere. 13 Grammy sari eskuratu dituzte.

Jamaican Legends jazz eta reggae estiloen jarraitzaileentzat zita garrantzitsua da, Jamaikako musikako izar handiekin: Sly & Robbie, Monty Alexander eta Ernest Ranglin.