Itxi

Musika

Proiektu berria

ABBA taldea bueltan da, disko berri batekin, 40 urte geroago

EITB MEDIA

Gaur bertan bi abesti berri argitaratu dituzte (albiste honetan bertan entzun ditzakezu). "Voyage" izena jarri diote disko berriari, eta azaroaren 5ean kaleratuko dute.

1:44
ABBA

ABBA Suediako talde ospetsua 40 urte geroago itzuli da musika mundura. Hain zuzen ere, disko berri batekin eta Londresen datorren urtean eskainiko dituzten kontzertu birtualekin bueltatu da talde suediarra.

Zehazki, Voyage izena jarri diote disko berriari, eta azaroaren 5ean kaleratuko dute. Aurretik, gaur bertan bi abesti berri argitaratu dituzte (albiste honetan bertan entzun ditzakezu), baina hamar abesti berrik osatuko dute musika proiektu berria.

ABBAren ibilbide berritua ArcelorMittal Orbit dorrearen tontorrean hasi da, hau da, 2012ko Londresko Olinpiar Parkean; izan ere, bertatik taldeak ordu eta erdiko kontzertuak eskaintzeko erabiliko duen ABBA Arena antzoki berriaren egitura ikus daiteke.

Ikuskizun "berritzaile" horretan, artistak pertsonaia holografiko bihurtuko dira, ABBAtars ezizenez ezagunak. Zehazki, mugimendua atzemateko teknologiarekin sortu dira (The Lord of the Rings film-sortan Gollum pertsonaia sortzeko erabili zutenaren modukoa) eta 1979an ziren bezalaxe erakutsiko dituzte taldekideak. Ikuskizun horretan, taldearen 22 abesti ezagunenak ekarriko dituzte gogora.

Horrela, Anni-Frid Lyngstad, Agnetha Fältskog, Björn Ulvaeus eta Benny Anderson kideek osatutako laukoteak amaiera eman dio lau hamarkadako isiluneari, taldea 1982an banandu baitzen.

Andersonek adierazi duenez, "oso harro" dago disko berriarekin, 10 abesti berri izango baititu; "Gabonetako abesti bat" tartean. "Ez da 40 urte itxaron behar disko bat ateratzeko", gaineratu du.

Testuinguru horretan, ABBAko taldekideak pozik agertu dira estudio batean berriro biltzeagatik, eta "denbora ez dela igaro ematen du", esan dute.

ABBA taldeak 385 milioi disko baino gehiago saldu zituen mundu osoan. 1974ko Eurovision jaialdian egin ziren ospetsu, eta, besteak beste, abesti hauek egin zituzten: "Waterloo", "Dancing Queen", "Mamma Mia", "Chiquitita", "Super Trouper" eta "Gimme!".