Musika
Urteurrena
U2ren album 'on eta ausartenak' 25 urte bete ditu
“With or without you” eta “I still haven’t found what I’m looking for” kantu ezagunak biltzen ditu, besteak beste, musikaren historiako album garrantzitsuenetarikoa den honek.
-
U2 Bono. Argazkia: EFE
‘NME’ Britainia Handiko musika aldizkari ospetsuak “The Joshua Tree” 87ko albumik onena eta ausartena izango zela iragarri zuen urte horretan, eta horrela izan zen. Lau dublindarrek osatutako musika taldearen bosgarren diskoak “With or without you”, “Where the streets have no name” eta “I still haven’t found what I’m looking for” kantu ezagunak biltzen ditu, besteak beste. Musikaren historiako albumik garrantzitsuenetarikoa da.
“The Joshua Tree”, hogeita bost urte geroago jendea liluratzen jarraitzen duen lana, AEBekin duten maitasun eta gorroto erlazioan dago oinarrituta. Rock album hau musikaren historiako garrantzitsuenetarikoa izan da.
Diskoa merkaturatu eta hilabetera, Bono (Paul Hewson), The Edge (David Evans), Adam Clayton eta Larry Mullen “Time” aldizkariko azalean agertu ziren jada garai hartako beste ikono batekin, Mikhaíl Gorbatxov SESBeko presidentearekin.
“The Joshua Tree” albumaren hasierako izena “Bi Amerikak” zen. Izen horren bidez, Ipar eta Hego Amerikaren arteko ezberdintasunak ez ezik, AEBen barrukoak ere islatu nahi zituzten, herrialde horretan 30 milioi pertsona irlandar jatorrikoak direla ahaztu barik.
Norman Mailer, Flannery O’Conor eta Raymond Carver idazleek, eta Bob Dylan, Bruce Sprinsgteen eta Lou Red musikariek izan dute eragina Bonorengan.
“The Unforgettable Fire”rekin (1984), taldearen aurreko lanarekin, esperimentatu ondoren, berriro ere ohiko musika konposatu zuten. blues eta folk estiloak gaineratuta.
Daniel Lanois eta Brian Eno, U2ren ohiko laguntzaileak, dira “The Joshua Tree” albumaren ekoizleak. Lehen aipatutakoez gain, “Running to Stand Still” piano oinarria duen abestia eta “Trip Through Your Wires” blues ukitua duen lana aurki ditzakegu.