Itxi

Musika

Musika sakratua

Europako musika erlijiosoa eta gospela, Bilbao Ars Sacrumen

Mississipi Mass Choir abesbatzak gospel errezitaldi bat eskainiko du musika sakratuaren zikloan. Ekitaldia Bilbao 700 fundazioak antolatzen du eta apirilaren 4a bitarte gozatu ahalko da.

Europako musika erlijiosoa eta gospela entzun ahal izango dira Bilbao Ars Sacrum musika sakratuaren zikloan. Bilbao 700 fundazioak antolatzen du eta apirilaren 4ra arte iraungo du. Requiem alemaniarra Johannes Brahmsen lanak (“requiem ateoa” bezala ezagunagoa da) emango dio hasiera lanari.

1868an estreinatu zen lana Bremengo katedralean, eta Bilboko Arriaga antzokian martxoaren 26an taularatuko dute. Das Neue Orchesterrek, Bilboko Koral Elkarteak, Alemaniako Chorus Musicus Kölnek, eta, bakarlari gisa, Eva Mei sopranoak eta Josep-Miquel Ramon baritonoak izango dute pieza hori interpretatzeko ardura.

Hurrengo egunetan, The Mississipi Mass Choir abesbatzak gospel errezitaldia eskainiko du, David R. Curryren eskutik; Kataluniako Orfeoiak Mendelssohnen moteteak interpretatuko ditu, baita Josef Rheinberger alemaniarraren meza bat ere; azkenik, Sevillako Orkestra Barrokoak Vivaldi eta Scarlatiren lanak joko ditu.