Itxi

Musika

BBK aretoa

Rolling Stoneseko bi taldekide ohi, 'Music Legends' zikloan, Bilbon

Ekainaren 17an eta uztailaren 3an izango dira kontzertuak. Billy Wyman eta Mick Taylor musikariez gain, Taj Mahal bluesmanak ere parte hartuko du.

  • Bill Wyman. Argazkia: BBK Aretoa

    Bill Wyman. Argazkia: BBK Aretoa

Bill Wyman eta Mick Taylor, Rolling Stones taldeko baxu eta gitarra-jotzaile ohiak, BBK aretoko "Music Legends" zikloaren barruan arituko dira. Rolling Stones taldeko bi kide ohi horiez gain, Taj Mahal bluesmana ere arituko da bertan. Aurreneko bien kontzertuak ekainaren 17an eta uztailaren 3an izango dira, hurrenez hurren. Taj Mahalen kontzertua, aldiz, uztailaren 18an izango da.

"Music Legends" zikloak mundu osoan ospea duten artisten musika-proiektu berriak erakustea du helburu.

Bill Wymanek 1993an utzi zuen Rolling Stones taldea, pixkanaka bere kideengandik urrundu ondoren. Rollingek ez dute sekula Wymanen behin betiko ordezkoa aukeratu, hainbat baxu-jotzailerekin lan egin baitute grabazio eta kontzertuetan.

Mick Taylor 1969an sartu zen Rolling Stones taldean, Brian Jonesen ordez. Soinu berria eman zion taldeari, baina 1975ean utzi zuen, eta Ron Woodek hartu zuen haren lekua.

Uztailaren 18an, Taj Mahal blues musikariak kontzertua eskainiko du “Music Legends” zikloan. Horren errepertorioan blues musika nagusi bada ere, beste zenbait estilo entzuteko aukera ere izango da bertan (reggaea, calypsoa, zydecoa, jazza, bluesa, rumba eta musika hawaiiarra, besteak beste).

Egitaraua:


Apirilaren 17an, Magic Slim
Maiatzaren 6an, James Taylor
Maiatzaren 27an, Jimmy Cliff
Ekainaren 17an, Bill Wyman
Uztailaren 3an, Mick Taylor
Uztailaren 18an, Taj Mahal