Itxi

Musika

Martxoak 23 - Apirilak 1

Ainhoa Artetak ez du Euskadiko Orkestrarekin abestuko, osasun arrazoiak tarteko

Agentziak | EITB Media

Edonola ere, Euskadiko Orkestrak programazioari eutsiko dio eta Ainhoa Arteta ordezkatuko duen soprano baten bila ari da.

  • Ainhoa Arteta soprano tolosarra.

    Ainhoa Arteta soprano tolosarra.

Ainhoa Artetak jakinarazi du ez duela parte hartuko Euskadiko Orkestrarekin egin behar zituen emanaldietan, medikuek hala gomendatuta.

Hala ere, Euskadiko Orkestrak bere programazioari eustea erabaki du eta beste soprano baten bila ari da.

Georg Mark zuzendari austriarrak gidatuta, "Requiem alemana" Johannes Brahmsen lana interpretatuko dute martxoaren 23tik apirilaren 1era Bilbon (martxoak 23), Donostian (martxoak 25 eta 28), Iruñean (martxoak 28) eta Gasteizen (apirilak 1).

Agiri batean, Artetak adierazi du pena handia eragiten diola bere herriko agertokietara itzultzeko aukerari uko egin beha izatea. "Tristura handia eragiten dit zuekin egon ezin izanak, baina espero dut laster egon ahal izatea Euskadiko Orkestrarekin", erantsi du.

Artista tolosarrak azaldu duenez, ebakuntza egin ziotenetik ez da erabat errekuperatu eta medikuak hurrengo emanaldietan parte ez hartzeko gomendatu dio.

"Ahalegin handia egin dut azken egunotan kontzertura ahots egokiarekin heltzeko, baina ez da nahikoa izan", deitoratu du.

Horrelako saio batek eskatzen duen maila emateko egin behar den esfortzua bere osasunaren kalterako izan daitekeela ohartarazi dio medikuak, eta, beraz, kontzertuan parterik ez hartzea erabaki du Artetak.