Itxi

Musika

ZETAK BIME PRO-N (I)

Beti da lehen aldia

Pello Reparaz (Bogota)

ZETAK taldea BIME PRO jaialdian parte hartzen ari da, Kolonbian. Pello Reparaz musikariak bertako nondiko norakoak aletuko ditu eitb.eus-en.

  • Pello Reparaz (ZETAK), Bogotan

    Pello Reparaz (ZETAK), Bogotan

Bogotá (2022-05-04)

Beti da lehen aldia ZETAK-entzat. Pandemia garaian jaiotzearen aferak. Kolonbiara bidai bat ez da edozein gauza eta jotzera zoazenean are gutxiago. Hau da plana: Astelehen batez Arbizutik abiatu eta astelehen horretan bertan Bogota hirian oheratu, 20 orduko bidaia medio. Parov Stelarren lan berria jaitsi dut Spotify-en, ea bidaian laguntzen didan.

Ez gara rock talde bat eta ez da hain erraza erabiltzen ditugun hainbat gailu hegoamerikan aurkitzea. Honek geure maletak tresna eta kablez betetzera behartu gaitu maleten pixuarekin malabarak eginez. 7 lagun goaz oraingoan: Iban Larreburu (musikaria), Leire Colomo (musikaria), Gorka Pastor (musikaria), Paxkal Etxepare (soinu ingeniaria), Iratxe Reparaz (sormen zuzendaria), Artzai Iraurgi (managerra) eta ni neu. Denok utzi behar izan ditugu nahi baino galtzerdi gehiago Euskal Herrian, eta nik Nafarroa 1512 taldearen nire polo kuttuna Arbizun utzi behar izan dut...

Loiuko aireportuko Iberiako fakturazio puntuetako langile batek taldea ezagutzen zuen. Horrek nahikotxo lagundu digu neurri estandarrak gainditzen dituzten instrumentuak fakturatzen. Eta gehiegizko kilo horiek guztiak doan fakturatzen ere. Zortea izan dugu. Ez da beti hala izango, baina bidaiako lehen garagardoarekin ospatu dugu!

Hegazkineko orduak luze joan dira. Lo egitea ekidin dugu, Kolonbiako ordutegiarekin bat egiteko. Diego izeneko gizon batek hartu gaitu aireportuan eta 90. hamarkadako hainbat hit latinorekin eraman gaitu hotelera. Ez nuen oroitzen Enrique Iglesiasen abesti madarikatu hartan zennnnnbatetan errepikatzen zen "es una experiencia religiosa" esaldia.

Goizeko seietan esnatu, gosaltzera jaitsi eta kolpez sumatu dugu BIME PRO jaialdian gaudela. Kafearen esperoan, Txiletik zetorren hainbat pertsonarekin egin dugu topo eta Diego Lorenzini ezagutzeko aukera izan dugu. Jarraian, gosaria mahaian nuela, Venezuelatik zetorren irrati bateko esatari batek elkarrizketatu nau, ia-ia baimenik eskatu gabe. Heldu gara, eta bat edo bestek ulertu du jada, jaialdiaren kartelean jartzen duen "ZETAK (ES)" horren atzetik badela beste istorio bat.

ZETAK