Itxi

Musika

Kristauak iraintzea leporatuta

Fiskaltzak ez du deliturik ikusi Javier Kraheren bideoan

Erredakzioa

Bakarlariak 1978an egin zuen bideoa, eta Canal Plusek 2004an eman zuen. Iraingarria izan daitekeela uste du Fiskaltzak, baina ez du deliturik ikusi; beraz, Krahe absolbitzea eskatu du.

27:44
Krahe epaitu dute, erlijio-sentimenduen aurkako delitu bat egin duelakoan

Fiskaltzak ez du deliturik ikusi Javier Kraheren bideoan. Bakarlaria auzitegiko aulkian izan da astelehen honetan, erlijio-sentimenduen aurkako delitu bat egin duelakoan, 2004an Canal Plusek eman zuen bideo batengatik. "Bi lagunentzako Kristo bat nola egosi" azaltzen zuen, eta 144.000 euroko isuna eskatu dute bakarlariarentzat.

Bideoa iraingarria izan daitekeela uste du Fiskaltzak, baina ez du deliturik ikusi, eta, beraz, Krahe absolbitzea eskatu du.

Kraherekin batera, Madrilgo 8. auzitegiak Canal Pluseko "Lo + Plus" saioko ekoizlea, Montserrat Fernandez Villa, izan da epaitegian, akusazioak 72.000 euro eskatu baititu ekoizlearentzat. Fernandez Villak esan du saioa zuzenean zela, eta gonbidatuak ez zekiela zer ikusiko zuen zer galdetuko zioten.

Tomas Moro Zentro Juridikoak kereila jarri zuen Kraheren aurka, erlijio-sentimenduen aurkako delitua egotzita, kode penaleko 525 artikuluan azaltzen den moduan.

Javier Krahek 1978an egin zuen bideoa eta 2004ko abenduaren 14an Canal plusek eman zuen. Irudiez lagunduta, Kristo bat gurutzetik kentzeko arauak ematen zituen, "gorputzeko markak urdaiarekin bete daitezke", adierazten du bideoan.

"Gurina askorekin" busti behar dela azaltzen zuen gero, erretilu batean, "tipula ohe baten gainean" eta "nahi beste espezia eta usain-belar" erabiliz. Azkenik, "labe ertain batean" hiru egunez eduki behar dela esaten du, "denbora horren ostean, bakar-bakarrik irtetzen da labetik".

Tomar Moro Zentro Juridikoaren ustez, "epaiketa erlijio askatasunaren garaipena da, Kode Penalaren 525 artikulua lehen aldiz aplikatuko baita Espainian". Saioaren ekoiztetxearen abokatuak, bere aldetik, zera esan du: Espainian arrazoi erlijiosoengatik egiten den azken epaiketa izatea espero duela.