Musika
Irailak 28
Patti Smithen kontzertuak abiatuko du Kursaalen denboraldia
N. V. | EITB Media
Estatubatuar musikariak kontzertua eskainiko du Donostian irailaren 28an, asteazkenarekin. Emanaldirako sarrera batzuk daude oraindik salgai, 80 euroko prezioan.
-
Patti Smith
Asteazkenean, irailak 28, Patti Smith musikari, idazle, artista bisual eta ekintzaileak kontzertua eskainiko du Donostian, 20:00etatik aurrera, Kursaal Eszenaren denboraldia abiatuko duen emanaldian.
Patti Smithek 75 urte ditu, eta mugarri ezinbestekoa da rockaren historian. 47 urte joan dira Horses lehen diskoa publikatu zuenetik, eta horren atzetik etorri dira gero "Because the night" Bruce Springsteenekin batera idatzitako kantu mitikoa eta "People have the power" ereserkia, besteak beste.
Kursaaleko kontzertuan, Patti Smithek Tony Shanahan baxu eta teklatu jotzailea, Seb Rochford bateria jotzailea eta Jackson Smith gitarrista, bere semea, izango ditu lagun.
Sarrera batzuk gelditzen dira oraindik salgai (80 euro) ekainean Azkena Rock Festival jaialdian emandako kontzertuarekin ahogozo ederra utzi zuen artista ikusi nahi dutenentzat.