Itxi

Musika

Agur kontzertuak

Hertzainak taldeak BECen eta Gasteizen agurtuko du publikoa

N. V. | EITB Media

Gasteiztar taldeak bi kontzertu emango ditu: lehena BECen, abenduaren 16an, eta bestea, Gasteizen, urtarril hasieran, oraindik zehaztu ez duten areto batean.

1:18
Hertzainak. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Gosez gelditu ziren Gari eta Josu Zabala, 2019an Kafe Antzokian eta Euskaldunan Hertzainaken errepertorioa berreskuratzeko egindako kontzertuen ondoren, festa biribiltzeko gogoz. Orain, pandemia bat tarteko, gose hori berdindu ahalko dute, Azkena Gure Alde izenburupean gaur aurkeztu dituzten bi kontzertuetan.

Hertzainak taldea oholtzara igoko da berriz, 2019an ez bezala, Josu Zabalak eta Garik Luis Javier Saiz Txanpi baterian lagun dutela. Bi kontzertu izango dira: Barakaldon, BECen, abenduaren 16an, eta Gasteizen, urtarril hasieran, oraindik iragarri ez duten espazio batean, "giro bilduagoan".

Bi kontzertuotan, talde eta musikari gonbidatuak egongo dira, bai Hertzainaken emanaldien aurretik baita horien barruan ere.

BECeko kontzerturako sarrerak urriaren 5ean jarriko dituzte salgai, taldearen webgunean, 29, 40 eta 45 euroko prezioan.

Hertzainak taldeak sei disko eta hainbat single eta EP kaleratu zituen bere ibilbidean, eta betiko utzi ditu "Ta zer ez da berdin", "Pakean utzi arte", "Arrautz bat pinu artean", "Drogak AEKn", "Hil ezazu aita", "Rock & roll batzokian", "Aitormena", "564" eta beste hainbat ereserki.