Itxi

Musika

Uztailak 21-25

Norah Jones, Pat Metheny, Joss Stone eta Ben Harper Donostiako Jazzaldian izango dira

N. V. | EITB Media

Estatubatuar pianista eta abeslaria Donostiara ekartzea Jazzaldiaren aspaldiko guraria zen. Horiez gain, Kenny Barron, Nubya Garcia eta Abdullah Ibrahimek ere joko dute.  

  • Norah Jonesek uztailaren 22an joko du Donostian. Argazkia: Shervin Lainez.

    Norah Jonesek uztailaren 22an joko du Donostian. Argazkia: Shervin Lainez.

Donostiako Jazzaldiak 58. edizioko kartelaren zati bat iragarri, eta sarrera eta abonuak salgai jarri ditu Trinitate plazarako, Kursaal Auditoriorako, San Telmo Museorako eta Victoria Eugenia antzokirako.

Norah Jones konpositore, pianista, gitarrista eta abeslariak uztailaren 22an joko du Kursaaleko Auditorioan, eta Jazzaldiak aspaldiko asmo bat gauzatu ahalko du horrela. Agertoki hori Kenny Barron jazz pianista handiak irekiko du bezperan, uztailaren 21ean, Euskal Herriko Gazte Orkestrak lagunduta.

Hilaren 23an, Ben Harper izango da Kursaalen, eta astelehenean, hilak 24, Pat Metheny erraldoia, Side Eye proiektuarekin.

Azkenik, uztailaren 25ean, asteartearekin, Rocio Márquez abeslaria Bronquio musikari eta ekoizlearekin arituko da.

Trinitate plaza

Agertoki honetan joko dute Enrico Ravak, Abdullah Ibrahimek, eta Bill Frisellek, baita Julian Lage gitarristak, Joss Stonek eta Nubya Garciak, eta berealdiko David Helbock teklista austriarrak Austrian Syndicate taldearekin.

San Telmo Museoa

58. Jazzaldiak japoniar pianistei eskainitako ziklo bat programatuko du museoko klaustroan: Yosuke Yamashita, bi kontzertutan, Kento Tsubosaka, Hakuei Kim eta Eri Yamamoto.

Kontzertu horietarako guztietarako sarrerak abenduaren 15ean jarriko dituzte salgai, 11:30ean. Leihatilan nahiz online eros daitezke sarrerak.