Musika
VII. edizioa
Kaleko musika entzungai Haizetara musika-jaialdian, Zornotzan
Ekainaren 22tik 24ra izango da, eta aurkeztu diren 15 herrialdetako 41 taldeen artean bederatzi aukeratu dituzte antolatzaileek bertan parte hartzeko.
-
Haizetara jaialdiko kartela. Argazkia: Haizetara
Haizetara musika-jaialdiaren VII. edizioa izango da Zornotzan ekainaren 22tik 24ra. Hainbat herrialdetako bederatzi taldek herriko giroa berotuko dute, kaleko musika-emanaldiei esker. Bertan, munduko musika-estilo ezberdinak aurkitzeko aukera izango dute herritarrek.
Antolatzaileen arabera, aurten inoiz baino talde gehiagok eman dute izena jaialdian parte hartzeko. Horrela, 15 herrialdetako 41 talde aurkeztu dira, eta antolatzaileek bederatzi talde aukeratu dituzte lehiaketan parte hartu eta herriko kaleak animatzeko.
Besteak beste, punk musika, jazz-a, perkusioa, klasikoa eta balkanikoa izango dira entzungai Zornotzan Haizetara musika-jaialdian, eta talde hauek arituko dira bertan: Orkestra (Euskadi), Oompah Brass (Ingalaterra), South River Jazz Band (Portugal), Wombo Orchestra (Frantzia), Gadjo (Katalunia), BadaBimBumBand (Italia), Pullup Orchestra (Suitza), Pollerapantalon (Argentina), Fanfare Shukar (Errumania).
Taldeek 10.000 euroko saria eskuratu dezakete, hau epaimahai batek aukeratuko du. Era berean publikoaren sari berezia (4.000 eurokoa), edota instrumentistarik onenari emango zaion saria ere eskuratu dezakete (1.000 eurokoa).