Musika
Urteurrena
Hiru urte Michael Jackson gabe
Conrad Murray Michael Jacksonen mediku pertsonalari nahi gabeko hilketagatik errunduntzat jo zuten, eman zion anestesikoak heriotza eragin baitzion.
-
Michael Jackson zena. Argazkia: EFE
2009ko ekainaren 25ean hil zen Michael Jackson. Botika gaindosi baten ondorioz hil zen, propofol izeneko anestesiko bat hartu zuen, besteak beste. Michael Jacksonen mediku pertsonari, Conrad Murrayri, erruduntzat jo zuten nahi gabeko hilketagatik, eman zion anestesikoak heriotza eragin baitzion.
Michael Jackson, "Pop musikaren Erregea" eta Thriller historia osoan ale gehien saldu dituen diskoaren egilea, 2009eko ekainaren 25ean Los Angelesen (AEB), 50 urte zituela, eszenatokietara arrakasta handiz itzultzeko prestatzen ari zela.
Thriller heldu zen... eta pop musika aldatu egin zuen betiko
Paregabea, bitxia, maniatikoa, sona handikoa... Ez dago eskularru zurien artista deskribatzeko izenondo nahikorik. Bizirik zegoenean mito zen jada, baina bere heriotzarekin betikotu egin da.
"Thriller", "Beat It", "Black or White", "Billie Jean", "Bad", "Smooth Criminal" eta "Heal the world" bere musika ondarearen altxor batzuk baino ez dira.
Jackson haur prodijioa izan zen. Lau urte baino ez zituen aurrenekoz eszenatokietara igo zenean, eta 12 zituenean ospetsu egin zen mundu osoan, Jackson Five bere anaiekin batera sortutako taldeko abeslari zenela.
Guztira 13 Grammy sari irabazi ditu, lehenengoa 20 urte baino ez zituenean "Don't stop 'til you get enough" abestiarekin. Nolanahi ere, zerua Thriller diskoarekin ukitu zuen, 1982an.
Disko hori iraultza izan zen pop musikan. Izan ere, haren abestiak ez ezik, musika bideoak eta dantzak ere mugarri izan ziren. Zonbien koreografia eta 'Moonwalk' dantza ospetsua erreferente dira oraindik, eta hala izaten jarraituko dute etorkizunean.
Thriller 2008an publikatu zuten berriro, haren 25. urteurrena ospatzeko, eta historia osoan ale gehien saldu dituen diskoa izan da. 100 milioi kopia mundu osoan, zortzi Grammy sari eta platinozko ia 60 disko.
Harrezkero hainbat disko paregabe publikatu zituen, Bad (1987) eta Dangerous (1991), kasu, baina haren ibilbideak aldapan behera egin zuen. Eszenatokietatik kanpo ere izan zen albiste.
Hala ere, "Pop musikaren Erregea" izan da beti, eta hala gogorarazi zion munduari iaz, King of Pop abesti bilduma publikatuz.
Bere ibilbide osoan 750 milioi disko baino gehiago saldu ditu.
Eskandaluak, haren bizitzaren parte
Jacksonen osasun egoera kaskarra izan da ia beti, eta askotan artatu behar izan dute, adingabe bati sexu-abusuak egitea egotzita 2005ean epaitu zutenean, adibidez.
Prozesu judiziala oso luzea izan zen, eta epaileek azkenean absolbitu egin zuten.
Elkarrizketa batean, baina, "ohe batean ume askorekin batera" lo egin zuela aitortu zuen Jacksonek.
Azken asteetan bere itzulera prestatzen ari zen, uztailaren 17tik aurrera Londresen 50 kontzertu ematekoa baitzen. Sarrera guztiak, gainera, agortuta zeuden.
Musikaren sektoreko hedabideen arabera, kontzertu horiei esker Jacksonek zorrak ordaindu ahal izango zituen. Antza denez, 400 milioi dolarreko zorra zuen.
Azken urteetan haren portaera polemikoa izan da oso. Batzuetan emakumez jantzita ikusi zuten, haren semeak maskerekin agertu dira hedabideetan... Eta duela urte asko larrua zuritzeko tratamendua hasi zuen. Beltza zen, baina zuri izan nahi zuen.
Jackson bi aldiz ezkondu zen. Lehen aldia Lisa Marie Presleyrekin (Elvisen alaba), eta bigarrena Deborah Rowe erizainarekin.
Azken horrekin bi seme izan zituen, Prince Michael eta Paris. Beste bat ere izan zuen, Prince "Blanket" Michael Jackson II izenekoa, baina ez dago argi norekin.