Itxi

Musika

SOINU BANDA SARITUEN SORTZAILE

Ryuichi Sakamoto musikagile japoniarra hil da, 71 urterekin

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Bere garaiko musikari japoniar ezagunenetakoa izan zen Sakamoto. Obra konplexua utzi du, Yellow Magic Orchestra esperimentaletik hasi eta soinu banda sarituetaraino.

  • Ryuichi Sakamoto artxiboko irudian. Argazkia: EFE

    Ryuichi Sakamoto artxiboko irudian. Argazkia: EFE

Ryuichi Sakamoto musikagile eta konpositore ezaguna hil zen martxoaren 28an, 71 urterekin, bere komunikazio agentziak gaur ezagutzera eman duenez. Kolon eta ondesteko minbizia zuen 2020tik.

"2020ean atzeman zioten minbiziaren kontrako tratamenduan ari bazen ere, lanean jarraitu zuen Sakamotok. Musikarekin bizi izan zen azken unera arte" adierazi dute ohar batean.

Artistaren nahia errespetatuz, gertuko senideek bakarrik hartu dute parte azken agurrean.

Japoniak eman duen musikagilerik ezagunenetakoa izan zen Sakamoto. Obra anitza sortu zuen, Yellow Magic Orchestra esperimentalarekin hasi zen eta gerora, sari ugari jaso zituen hainbat filmetarako egindako soinu bandengatik: BAFTAk, Gramyak, Oscar sariak...

Bereak dira "Merry Christmas Mr. Lawrence" (1983) filmeko musika,  "The Last Emperor" (1987) eta "The Revenant"ekoa (2015), adibidez. Azken honekin Oscar saria jaso zuen Sakamotok.

Abenduaren 11n eman zuen azken kontzertua, "online" formatuan, mundu osoko zaleek jarraitzeko moduan. Oso zabalduta zeukan jada minbizia eta jakina zen azken kontzertua izan zitekeela.