Musika
Denbora gehiegi taula gainean
Mikroak deskonektatu zizkieten Bruce Springsteeni eta Paul McCartneyri
Erredakzioa
Elkarrekin ari ziren abesten Londresen, baina ezin izan zuten kantua bukatu. Antolatzaileek mikrofonoak deskonektatu zituzten, eta agur esan gabe alde egin behar izan zuten.
Bruce Springsteenek ezin izan zien agur esan Hyde Parken (Londresen) bere zuzenekoa ikustera bertaratu ziren ikusleei. Aurreikusita zegoen ordu muga gainditu zuen artistak, eta antolatzaileek mikrofonoa deskonektatu zioten. Ez berari bakarrik, gainera: momentu horretan Paul McCartney zegoen taula gainean AEBetako abeslariarekin. Bi artistek kantua bukatu gabe alde egin behar izan zuten agertokitik.
Zuzeneko luzeak egin ohi ditu Bruce Springsteenek, eta joan den larunbatean Londresen eskaini zuena ere ez zen laburra izan: hiru orduz abestu zuen Hyde Park ezagunean egin zuten "Hard Rock Calling'' jaialdian.
"Born In The USA" eta "Because The Night" doinu ezagunak jo ondoren, Paul McCartney gonbidatu zuen Springsteenek taula gainera, elkarrekin "I Saw Her Standing There" eta "Twist and Shout" kantuak jorratzeko.
Baina, aurreikusitako ordutegia ordu erdiz gainditu zuen Springsteenek, eta, bertako komunikabideek argitaratu dutenez, emanaldiko soinua deskonektatu egin zuten antolatzaileek. Hala, bi artistek ezin izan zuten emanaldia bukatu eta publikoari agur esan gabe alde egin behar izan zuten.