Itxi

Musika

Abuztuak 3 – irailak 1

Abian da Musika Hamabostaldia eta Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak irekiko du Kursaaleko kontzertuen zikloa

EITB MEDIA

Lehen egun honetan, doako lau kontzertuz gozatu ahalko da udaletxean eta San Bizente elizan. Halaber, Hamabostaldi Solidarioa Aldakonea eta Zorroaga adinekoen egoitzetara iritsiko da.

01:16
Musika Hamabostaldia

Gaur abiatu da Donostiako Musika Hamabostaldiaren 84. edizioa, eta eguneko hitzordu nagusietako bat Rotterdamgo Orkestra Filarmonikoak eskainiko duen kontzertua izango da. Hain zuzen ere, ikuskizun horrek irekiko du Kursaal auditorioko kontzertuen zikloa, 20:00etatik aurrera. Biharamunean ere arituko da Kursaalen, Beethovenen 9. sinfonia eskaintzeko, hain zuzen ere.

Lehendabiziko egun honetan, doako lau kontzertuz gozatu ahalko da: Anacronia Ensemble (12:00etan, Udalbatza aretoan), Nacho Castellanos & Gato Murr (18:00etan, Udalbatza aretoan), Kresala dantza taldea (19:00etan, udaletxeko terrazan) eta Vocalia taldea (20:30ean, San Bizente elizan).

Gainera, Hamabostaldi Solidarioa ekimenaren barruan, Julia Blasco sopranoak eta Luken Munguira tenorrak emanaldia eskainiko dute Aldakonea adinekoen egoitzan. Suzana Nadejde sopranoa, bere aldetik, Zorroaga adinekoen egoitzan arituko da.

Bestalde, Ana Belen Garcia eta Thierry Biscary bikoak abiatuko dute organo zikloa, 20:00etan, Debako Santa Maria elizan.

Kontzertu gehiago

Besteak beste, Mahlerren 8. sinfonia entzun ahalko da abuztuaren 3tik irailaren 1era egingo den jaialdian, agertoki gainean 400 musikari direla, baita Stravinskyren "Oedipus Rex" oratorio erdi-eszenaratua ere, jaialdiak berak ekoitzia.

Kursaal Auditorioko agertoki horretara, dantza itzuliko da Hamabostaldian: Ballet Preljocaj konpainiak "Beltxargen aintzira" aurkeztuko du abuztuaren 7an.

Abuztuaren 16an, Grigory Sokolov pianistak errezital bat emango du, eta, abuztuaren 18an, Mahlerren 8. sinfonia joko dute 400 bat pertsonak: Euskadiko Orkestra eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia, Iruñeko Orfeoia, Easo Eskolania eta Easo Gazte Abesbatza, Sarah Wegener, Mojca Erdmann eta Miren Urbieta-Vega sopranoak, Justina Gringyte mezzosopranoa, Claudia Huckle kontraltoa, AJ Glueckert tenorra, José Antonio López baritonoa eta Mikhail Petrenko baxua.

Abuztuaren 20an, Mitsuko Uchida itzuliko da Kursaalera, Jonathan Bissekin lau eskutara jotzeko.

Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter arituko da berriro Kursaalen, Mutter's Virtuosi kamera taldearekin (abuztuak 26), eta Bremengo Ganbera Filarmonikoak itxiko du Kursaal Auditorioko kontzertuen zikloa.

Victoria Eugenia Antzokiak ikuskizun bakarra hartuko du aurten: Enrike Solinisek sortu eta zuzentzen duen Euskal Barrok Ensemble taldeak "El amor brujo: esencias de la música de Manuel de Falla" ikuskizuna eszenaratuko du.