Itxi

Musika

EKE-ren elkarrizketa

Pier Paul Berzaitz: 'Pastorala gauza ederra da, Xiberoko lilia'

Bere kantuak idazteaz eta musikatzeaz gain, pastoralak ere baditu sortuak Pier Paul Berzaitzek. Amaiur da egin duen azken ikuskizuna.

  • Pier Paul Berzaitz. Argazkia: EKE

    Pier Paul Berzaitz. Argazkia: EKE

Pier Paul Berzaitz (1951, Muskildi, Xiberoa) kantari eta autore ezaguna da. Azken urteetan, ikusgarri potoloak ere muntatu ditu. Amaiur da bere azken ikusgarria, uztailaren 21ean Amaiurren estreinatua, bertze bi emanaldi eskaini aitzin, Mauleko gazteluan, abuztuaren 10 eta 11n.

Xan Aire : Ttipitan, sekula pentsatu ote duzu kantari aterako zinela egun batez?
Pier Paul Berzaitz : Agian kantari ez... Familian ez ziren kantore egile, ez kantari, aitaren aldetik ez. Amaren eskualdetik, bertzerik da. Amak dio Irlandatik norbait jina zela, aspaldi, egur egitera; Altzükün ezkondu, eta haren arrasemea izan zitekeen gure amaren aita. Omen gizon hura musikaria zela. Kantuaren gustua elizan hartu dut, baita San Antoniko kaperan egiten ziren beiletan, han baitut entzun kantatzeko eta mintzatzeko molde berri bat lehen aldikoz: Xiberoko partean da, baina aspaldiko usaian manexak anitz gurutzatzen ziren han. Musikan, osaba bat bagenuen Luzenac herrian sasoia egiten zuena talko harrobietan. Handik beti opari bat ekartzen zigun guri, haurrei, eta behin eskusoinu ttipi bat eskaini zidan. Amak ikusi zuen hartan gustu banuela. Bertze osaba batek, berriz, mandolina ekarri zidan Ameriketatik. Mauleko kolegioan ere musika erakusten zuten. Pianoa ikasi nuen enetako doia, baina pianorik ez zenez hemengo etxeetan, klarinetea jotzen ikasi nuen. Horrela, soldadugoan musikan aritzeko ahala eta zoriona ukan dut urte batez.

Kantan eta musikan, zer heinetan da jitea, eta zer heinetan transmisioa?
Garaian, euskal kantua ez zen orain bezain indartsua. Ezteietan, bestetan edo gure auzoko ostatuan ere entzuten zen bai, zerbait. Baina kantu xahar guti ikasten genuen. Eskolan eta kolegioan batere ez. Alta, apezak euskaldunak ziren... Kantuz aritzeko ene tirria horren sustrai, frustrazioa da. Gu, laborari semeak, ez ginen, kolegioan, bertzeak bezala bezti. Euskaraz ari ginen gure artean, eta zokoratuak ginen. Ez gaiztoki, baina adin horretan, gauzak barnetik hartzen dira. Pauera joan nintzelarik unibertsitatera, bertzerik zen!

Gainera, 68ko sukar hartan iragan dituzu ikasketak...
Bai, eta bizpahiru euskaldun, euskaraz kantatu beharrez plantatu ginen. Analisia ttipiko ideia genuen euskarazko kantuekin, gainera Beatles eta Rolling Stones taldeen diskoak berdin-berdina entzuten genituen! 1971an jin zen halako errebelazio ttipi bat, Urdiñarbeko plazan, besten karietan egin zen “Festival de la chanson basque moderne”... Zer titulu polita! Han ikusi nituen Laboa, Irigarai, Artze... Zerbait piztu zen. Ene aterabiderik seguruena hura zela pentsatu nuen. Hortik berehala Beñat Sarasola ezagutu nuen... Bide, frustrazio berdintsuak genituen biek! Eta horretan segitu dugu. Ez zait sekula dolutu, ikusiz, gainera, euskarak zer bide egin duen. Ederra, plazara, mundura, Etxeparek zion bezala. Hori haur denboran ez baitut nik ikusi, garaipen ttipi bat bezala hartzen dut.

(...)

Zabaltasuna, elkarbizitza... Alta, sekulako konfrontazioa hautatu duzu gaitzat Amaiur zure ikusgarri berriarendako...
Egia da... Amaiur zauri bat izan da, Nafarroako erreinuaren azken hatsa baita. Amaiurren nafarrak baziren, garaztarrak barne; xiberotarrak ere baziren, Mauleko gazteluko kapitainaren familiako bat han hil zen, adibidez. Biarnokoak ere baziren, Albreten familiako gudari anitz... Orokorki, ez zen euskaldunen afera bat izan soilik, baina egia da sinbolo aldetik, Nafarroak galdu duela garai hartan, hamar mendez ukan zuen askatasuna eta erreferentzia. Nahiz eta historia zale handia ez izan, badakit nola Nafarroa zen herri oso librea, lau edo bost hizkuntza mintzo ziren, provençal iduriko bat barne. Oraindik ere, Lizarrako eskualdean, familia zenbaitek Biarnoko okzitaniera mintzo dute, nola zen erregea Henrike II. Albretekoa. Jende anitz joan da bide horietan, judu anitz ere bazen. Lur zabala eta aberatsa zen, irekia ideia berriei. Penagarria izan da, ene iritziz, gibel joan delakoz Gaztelaniaren menpean. Baina hori, beste moldez ikusten dute batzuek, eta errespetatzen dut. Gaur egun ere, nafar zenbaitek ikusten dute Nafarroako zauri hori, batez ere galdera hau: gipuzkoar eta bizkaitarrak non ziren momentu hartan? Eta historiak dio Espainiako erregearen alde zirela... Euskal Herria ez baitzen gaur bezala egina, toki horietan libertate anitz nahi bazuten, gerla bat sortzean, Espainiako erregearen alde izan behar zuten. Hala ere, uste dut jendearen barruan, inkontzienteki bada ere, beti zerbait gelditzen den horretaz. Bost mende, luze da, baina ber denboran hor berean da... Sinbolo aldetik, beti pentsatu dut, beti entzun dut familian ere, Nafarroa zela Euskal Herriko bihotza. Gaur egun, euskara galdu dela Nafarroa hegoaldean ikusteak penatzen nau. Aldiz, euskalduntasun hori, gehiago ikusten da Gipuzkoan, edo Bizkaian. Denetan balitz, hobe!

Zergatik momentu zehatz hori hautatu ikusgarria egiteko?
Hori Amaiurko jendearen galdea izan da. Herri hori ez nuen baitezpada ezagutzen. Lauaxetaren poema bai entzuna, Amaiur gaztelu baltza. Banakien Euskal Herriko toki berezia zela. Duela bizpahiru urte, kantaldi baten ondotik, herritar batzuk jin zitzaizkidan, erranez 2012an Nafarroako anexioaren 500 urteak beteko zirela. Amaiurren zerbait berezi egin nahi zuten horren kari. Lehen ideia pastorala egitea izan zen. Haiekin mintzatzean, erran nien hobe genuela pastorala xiberotarren baratzean utzirik. Ez haien jabetasuna zelakoz, baina xiberotar gisa, pastorala bat egitea Amaiurren gogorra izanen baitzitzaidan. Denbora pixka bat utzi iragatera, eta proposatu nien, Amaiurko dantza taldea bazenez, halako ikusgarri berezi bat egitea. Nafarroako afera hori aipatzeko... Ez da segur berreraketa, ahalik ez baitugu hori egiteko, bereziki gaur. Halako aipamen poetikoa egitea izan da xedea, artearen bidez.

Mauleko jendea ere inplikatu da...
Horrela abiatuak ginela, Amis du château fort de Mauléon elkartekoak heldu zaizkit, zerbait berezi egin nahi zutela aurten, baitu orain bost urte soinu eta argi ikuskizun bat antolatzen dutela udan, Mauleko gaztelua ezagutarazteko. Eta Amaiur ikusgarria hemen egiteaz interesatuak ziren. Berezia da zeren eta elkarte horretako jendea, jatorriz, Aragoikoa da. Berak hemen sortuak dira, baina aitzineko belaunaldiak ziren Xiberora jin, espartin-egileak izanki. Hots, jende espainola gehiena. Horretarako, ni pixka bat kezkatua nintzen, Amaiurko afera hori nola hartuko zuten... Baina hor da ageri, gauzak esplikatuz, zerbait eder egin daitekeela elkarrekin. Bestalde, nafarrekin egitea biziki positiboa zen horiendako. Lehen bilkura bat egin dugularik hemen, denek elkarrekin, amaiurtarrek beren bandera ekarri zuten. Momentu biziki hunkigarria izan zen... Hemengo jendearendako, bereziki, emozio eta errespetu handia. Herri bat horrela ere zela sortzen sentitu dut, horrela ere zela handitzen. Esperientzia biziki ederra da Mauleren eta Amaiurren artean zerbait jostea. Nik denak abisatuak nituen ikusgarria euskaraz eginen nuela, hori errespetatu beharko zela, edo beste norbaitekin aritu beharko zutela. Ez zen problemarik izan. Humano aldetik, biziki esperientzia aberasgarria izan da. Ez dugu gauza hori hertsiki ikusi.

Zergatik horrelako ikusgarriak egin? Pastoralek ez zaituzte gehiago betetzen?
Pastorala gauza ederra da, Xiberoko lilia, ontsa martxan dena. Nik, bizia gidari uzten dut. Duela bizpahiru urte, ez nekien Amaiurko afera hori izanen zela gaur. Bihar, menturaz pastorala izanen da, ahala eta gogoa baldin badut... Baina zentzua eman nahi dut. Amaiur, bai toki aldetik, bai sinbolo aldetik, zentzuz betea da.

Pier Paul Berzaitzi egindako elkarrizketa osoa irakurtzeko: hemen.