Itxi

Musika

Abuztuak 1-30

Riccardo Chailly zuzendaria eta "Carmen" operaren bertsio berria, Musika Hamabostaldian

N. V. | EITB Media

Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugeniako kontzertuak zehaztu ditu jaialdiak. Hamabostaldiaren Lagunek apirilaren 8ra arteko epea dute abonuak eta sarrerak erreserbatzeko, eta sarreren salmenta orokorra maiatzaren 21ean hasiko da.

  • Riccardo Chaillyk abuztuaren 27an zuzenduko du Milango Scalako orkestra. Argazkia: Brescia & Amisano

    Riccardo Chaillyk abuztuaren 27an zuzenduko du Milango Scalako orkestra. Argazkia: Brescia & Amisano

Donostiako Musika Hamabostaldiak 85. edizioa du aurtengoa, eta abuztuaren 1etik 30era jantziko ditu musikaz Gipuzkoako hiriburua eta lurralde horretako, Arabako, Nafarroako eta Lapurdiko beste hainbat herri eta hiri.

70 ikuskizun proposatuko ditu guztira jaialdiak, eta antolatzaileek gaur aurkeztu dituzte Kursaal Auditorioko eta Victoria Eugenia antzokiko kontzertu eta ikuskizunak. Besteak beste, Riccardo Chailly zuzendari handiaren kontzertua eta Carmen operaren bertsio berri bat prestatu dituzte.  

Kursaal Auditorioko zikloa Orchestre Philharmonique du Luxembourgen bi kontzertuk irekiko dute, lehenengoan Bruce Liu pianista ezaguna ondoan duela. Abuztuaren 8an eta 10ean, Musika Hamabostaldiak sustatutako opera ekoizpen berri bat estreinatuko da: Bizeten Carmen ezagunaren berrirakurketa bat, Emilio Gomezek sinatua.

Abuztuaren 17an eta 18an, Budapest Festival Orchestrak joko du, lehenengoan Patricia Kopatchinskaja biolinista moldaviarrarekin eta bigarrenean Donostiako Orfeoia eta Anna Lena Elbert, Olivia Vermeulen eta Hanno Müller-Brachmann bakarlariak lagun dituela.

Abuztuaren 25a dantzaren eguna izango da Kursaalen, Mourad Merzouki koreografoaren Compagnie Käfig frantsesaren eta Folia ikuskizunaren eskutik.

Abuztuaren 27an, Riccardo Chailly orkestra zuzendari ospetsua hartuko du Hamabostaldiak, 1997 eta 2003. urteetan egon eta gero, hirugarrenez. Egungo bere orkestrarekin etorriko da Donostiara, Milango Orchestra Filarmonica della Scalarekin, eta Txaikovskiren 5. Sinfonia eta Ravelen Daphnis et Chloeren 1. eta 2. suiteak hautatu dituzte programa osatzeko.

Abuztuaren 30ean, Radio Franceko Orchestre Philharmoniquek emango dio amaiera Hamabostaldiari.

Victoria Eugenia antzokiak lau ikuskizun hartuko ditu: piano errezital bat, flamenko ikuskizun bat, Erdi Aroko musiken kontzertu bat eta haurrentzako ikuskizun bat.

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 85. edizioa, gainera, beste ziklo hauek osatuko dute: Antzinako Musika, Ganberako Musika, Organoa, Musika Garaikidea, Interprete Gazteak, Musika Aitzaki ziklo ibiltaria, Haurren Hamabostaldia eta Tabakalera Dantzan.

Sarrera solteen salmenta orokorra maiatzaren 21ean hasiko da, eta Hamabostaldiaren Lagunek lehenenago eskuratu ahalko dituzte.