Itxi

Musika

Musika Hamabostaldia

Kultura-fusioa Arantzazun, Kepa Junkera eta Ara Malikian musikariekin

Erredakzioa

Zuzenekoa eskainiko dute santutegian, Euskal Herriko eta Armeniako doinu herrikoiak uztartuz. Sarrerak salgai daude, 15 euroan.

  • Ara Malikian Libanoko biolin-jotzaileak zuzenekoa eskainiko du Kepa Junkerarekin, Arantzazun.

    Ara Malikian Libanoko biolin-jotzaileak zuzenekoa eskainiko du Kepa Junkerarekin. Argazkia: EITB (artxiboa).

Kepa Junkera Bilboko trikitilariak eta Ara Malikian Libanoko biolin-jotzaileak Euskal Herriko eta Armeniako doinu herrikoak uztartuko dituen kontzertu berezia eskainiko dute asteazken honetan Arantzazuko santutegian, Oñatin, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan.

Jose Antonio Echenique Hamabostaldiko ordezkariaren hitzetan, toki benetan ''magikoa eta berezia'' da Arantzazuko santutegia, eta XXI. mendeko Musika Hamabostaldiaren funtsa ''erabat'' islatzen du, izan ere ''artea, natura, tradizioa eta sormena uztartzen ditu'', gaineratu du.

Kultura eta tradizio ezberdinetatik ibilbidea proposatzen du errezitaldiak, kultura eta ohitura ezberdinetako bi izar handiren eskutik.

Hala, Junkeraren eta Malikianen ohiko doinuak entzuteaz gain, ikus-entzuleek Euskal Herriko eta Armeniako doinu herrikoiak uztartuko dituen ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dute.

''Denboran bidaia da, sekulakoa'', esan du Junkerak. Urtetan zehar Bilboko musikariarekin batera izan diren doinuei Araren ñabardurak gehitu dizkiotela azpimarratu du trikitilariak. Halaber, egurrezko eta harrizko txalapartarekin eta perkusio txikiekin ''ausartuko'' dela iragarri du.