Itxi

Musika

Monopolioa

AEBk legez kanpoko monopolioa egotzi dio Ticketmasterri, sarreren salmentan

Agentziak | EITB Media

Merrick Garland AEBko fiscal nagusiak azaldu duenez, enpresak lehiakortasuna eragozteko egindako jarduera ilegalek eragin dute salaketa.

  • Hautsak harrotu ditu Ticketmasterrek Taylor Swiften kontzertuen sarrerekin izandako jokabideak

    Hautsak harrotu ditu Ticketmasterrek Taylor Swiften kontzertuen sarrerekin izandako jokabideak

AEBko Gobernuak Live Nation konpainiaren, Ticketmaster sarrerak salerosteko webgunearen jabearen, aurkako salaketa jarri duela iragarri du bart, ostegunarekin, idatziaren arabera "enpresak azken urteetan eraiki duen monopolio ilegala bukatzeko".

Justizia Departamentuak, estatu eta barruti mailako 30 fiskal nagusirekin batera, monopolioaren aurkako demanda zibila aurkeztu du New Yorkeko Hego Barrutiko Auzitegian, enpresari "monopolizazioa eta merkatuetan lehiakortasuna oztopatzen duten beste hainbat jarrera ilegal" egotzita.   

Merrick Garland AEBko fiskal nagusiak esan duenez, salaketa ez dute ekarri enpresak ezartzen dituen "salneurri neurrigabeek eta arrakala teknologikoek", ezpada "lehiakortasunaren aurkako jarduera ilegalek".

Konpainiak, Garlanden esanetan, "lehiakortasuna eta sarreren salmenta blokeatzen ditu", besteak beste, hamarkada bat baino gehiagoko salmenta kontratu eskusiboen bidez edo kontzertu eremuak erosiz.

Kontzertu aretoetako sarrera salmenten % 80 ditu kontrolpean, gutxienez, Live Nationek; 400 artistaren baino gehiagoren kontzertuak kudeatzen ditu; AEBko kontzertu guztien % 60ren sustapenaz arduratzen da eta AEBko entzunareto handien % 60ren kontrola du.

Horren eraginez, fiskalaren ustez, zaleek "gehiago ordaintzen dute" eta "artistek kontzertuak emateko aukera gutxiago dituzte". Gainera, "kontzertu-antolatzaile txikiagoak zirkuitutik kanpo gelditzen dira eta aretoek baliabide gutxiago dituzte sarrerak saltzeko".

Hain zuzen ere, salaketak dio Live Nation-Ticketmasterrek Sherman Legearen 2. atala hausten duela. Arau horrek merkataritza bidegabe murrizten duten konspirazioak debekatzen ditu, baita lehiakidek akordioak egitea ere, salneurriak edo soldatak ezartzeko, zein lizitazioak manipulatzeko.