Itxi

Musika

Talde lehiaketa

Hemen dira Bilbao Hiria lehiaketako finalak

Ostegunean (Beste Joerak), ostiralean (Metal) eta larunbatean (Pop-Rock) izango dira finalak, Bizkaiko hiriburuko Bilborock aretoan.

  • The Great Barrier. Argazkia: Bilbao.net

    The Great Barrier. Argazkia: Bilbao.net

Zortzi taldek parte hartuko dute ostegunetik larunbatera Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketaren 24. edizioaren finaletan. 20.700 euro banatuko dituzte saritan eta Beste Joerak, Metal eta Pop Rock sailetan banatzen da.

40 talderen artean aukeratu dituzte finalean arituko diren zortzi taldeak. 3.500 ikusle izan dira aurreko prozesuetan eta ostegunean Joera Berriak deritzon saileko finala izango da, ostiralean Metal saileko eta larunbatean Pop-Rockekoa.

Kontzertuak irailean eta urrian izan dira, Bilborocken, eta 3.500 ikusle baino gehiago bildu dituzte. Aurreko edizioetan ez bezala, Metal eta Joera Berrien kontzertuak ostiraletan izan dira eta horregatik jende gehiago hurbildu da Bilborock aretora. Finalak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira, doaneko sarrerarekin.

Beste Joerak sailean Platiblond Extreme (Bizkaia) eta The Zares (Asturias) dira finalistak. Metal atalean, Neila (Bizkaia), Quaoar (Bizkaia) eta Trifulca (Malaga). Azkenik, lehiaketari izena ematen dion sailean The Great Barrier (Bizkaia), Milton (Alicante) eta Priscilla Band (Bizkaia) izango dira.

Pop-Rock eta Metal sailek 5.000 euroko diru-saria dute irabazleentzat eta Beste Joerak sailak 2.700 eurokoa, eta 2.500 eta 1.000 bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, gelditu ezkero.