kultura
Erakusketa
25.000 playmobil helburu didaktikoarekin
Panpinekin, gizakiak Historian zehar izan dituen pasarteak ezagutu daitezke era jolasgarrian. Erakusketa, Euskalduna Jauregian, urtarrilaren 6ra arte.
Bilboko Euskalduna Jauregia panpinez beteta dago. 25.000 playmobil bildu dituzte bertan. Panpinekin, gizakiak Historian zehar izan dituen pasarteak ezagutu daitezke era jolasgarrian.
40 urte bete dituzte eta umeak dira oraindik. Jolasean beti eta irribarrea galdu barik. Kobazuloetan sartu dira eta espazio ontziak hartu eta badoaz beste planeta batzuk ezagutzera. Armak eskuan hartuta, Lurraren defentsan sarritan ikusi ditugu playmobilak, lurrak jorratzen ere bai.
Umeei historia aroak irakasteko modu jostagarria da.
Playmobilzaleak elkarte batean batuta daude, Espainia osoan 230 dira eta guztien ekarpenekin 25.000 playmobil panpin biltzea lortu dute, harrijasotzaileak ere tartean.
Erakusketa Errege Egunera arte ikusgai dago Euskaldunan. Hiru urtetik beherakoentzat doan, beste guztientzat bost euro. Eta denentzat mundu oso bat ikusgai zazpi zentimetro eta erdiko gizon-emakumetxo ezagunen eskutik.