kultura
Ekimena
'Txokolatea eta bizkotxoak', sortzaileak hurbiletik ezagutzeko Bilbon
Gernikako 'Kafea eta Galletak' oinarri hartuta, solasaldiak egingo dituzte Bilbon, hilabetean behin. Gaur arratsaldean hasiko dira, Harkaitz Canorekin.
-
Harkaitz Cano, Euskadi Irratian. Argazkia: EITB
Txokolatea eta bizkotxoak ekimena martxan jarri dute: Gernikako Kafea eta Galletak oinarri hartuta, Bilbo izango du abiapuntu. Kulturaren adar guztiak ikutzeko (literatura, musika, zinema, antzerkia, dantza, margolaritza, komikigintza, etab.) eta protagonistekin solasaldiak, euskaraz, izateko asmoa dute.
Hilabetean behin egingo dute batzarra, asteartetan, Barrenkaleko Modesto tabernan, 19:30etik aurrera.
Lehen hitzordua Harkaitz Canorekin izango da, urtarrilaren 15ean eta "Memoriaren musika" izango du hizpide. Otsailaren 5ean Hedoi Etxarte izango da, "Sinplistak eta kantu pare bat" aitzaki hartuta.
Txokolatea eta bizkotxoak ekimenaren berri izateko, blog bat jarri dute martxan. Bertan hitzorduen informazioa jakinaraziko dute eta Modesto Taberna bisitatuko duten artisten berri emango dute.